248 PCR proba negatibo eta 4 positibo Jasokundearen Parrokian ospatutako hileta-elizkizunaren ondorioz egindako baheketan

Atzo osteguna, abenduak 31, Osakidetzak PCR probak egiteko dispositiboa antolatu zuen Reina Aretoan 09:00 – 14:00 ordu tartean. Bertan joan den abenduaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Errenteriako Jasokundearen parrokiako hileta-elizkizunera joan ziren pertsonei egin zitzaizkien probak.

Gaur Osakidetzak publiko egin ditu baheketaren datu ofizialak hauek direlarik emaitzak:

252 proba behin betikoak.
248 proba negatibo.
4 proba positibo.

Datu hauetatik abiatuta Osakidetza eta bere trazabilitate zerbitzua izango dira COVID19 probatan positibo eman duten 4 pertsona hauekin kontaktuan jartzeko arduradunak.

Zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko deia

Bukatzeko, azken egunetako datuak ikusita —Errenteriako inzidentzia tasa metatua Gipuzkoako batez bestekoa baino 109 puntu altuagoa da—, orain arte bezala zuhurtziaz jokatzeko eskatu die Udalak herritarrei, nork bere burua zainduz guztiok elkar zaintzeko

* Osakidetzak publiko egindako azken datu ofizialak 2020ko abenduaren 30ekoak dira.