Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformatik hezkuntza sare publikoaren aukera ezagutzera animatu dituzte herritarrak

Hezkuntza 2021-01-11 | 0

Aurten urtarrilaren 18an hasiko da matrikulazio kanpaina, eta Oarsoaldeko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateetatik dei bateratua egin dute herritarrak anima daitezen ezagutzera eskaintzeko daukatena.

Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformako kideek adierazi dute hezkuntza publikoaren aukera oso zabala da Oarsoaldean, haurreskoletatik hasi eta Lanbide Heziketaraino, eta sare hori osatzen duten ikastetxe guztiek kalitatezko hezkuntza eskaintzen dutela.

Bestalde, azaldu dute herri eta auzoetako ikastetxeak direla, hurbilekoak, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta baina munduari irekita eta desberdinen arteko elkarbizitzan oinarrituta lan egiten dutenak, gaur egungo gizartearen beharrei erantzunez. Gure herrietako kohesiorako ezinbesteko haziak direla ikastetxeak.

Halaber, nabarmendu dute metodologia berritzaileak erabiliz eta ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jarrita, errealitatearen aniztasunari erantzuten diotela, inor atzean ez uzteko.

Gainera, gogorarazi dute hezkuntza komunitate aberatsak dituztela, ikasle, irakasle, langile eta familiek osatuak, eta guztien parte hartzea bermatuta dagoela, hainbat organoren bitartez.

2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio epea hastear da, eta Errenteriako, Lezoko, eta Oiartzungo ikastetxe publikoetatik zein Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformatik hezkuntza sare publikoaren aukera ezagutzera animatu nahi dituzte herritarrak.

No comments yet.

Utzi erantzuna