Habian!-eko ehungintza sortzaileen lanak, Jantziaren Zentroan ikusgai

Saioa Matxain, Anne Gajate eta Ruben Pantiga ehungintza sortzaileak Habian! hazitegiko egoiliarrak dira. Bertan ezagutu dute elkar, eta erakusketa zabaldu dute Jantziaren Zentroan haien lanekin. ’Egunsentia: Torrekuatik diseinatzen’ izeneko proposamena da, hiru diseinatzaile gazteek Habian! hazitegian lantzen ari diren proiektuen erakusle. Erakusketan Idoia Lizeaga bitxi diseinatzaile eta lore maistrak kolaboratzaile gisa parte hartu du, Kapitain-etxean hainbat pieza ikusgai jarrita.

Saioa Matxain errenteriarrak, alegia SAI-SUO markak, ‘Ortzimuga’ izeneko proposamena dakar. Iraganera begiratzen duen bilduma da giroa berreraikitzeko.

ANNE GAGO izenaren atzean, Anne Gajate diseinatzaile errenteriarra topatuko dugu. Kalitatezko ehunak, diseinu zaindu, dotore eta modernoak, guztiak eskuz brodatuak. Kapitain Etxean bere lehen bilduma aurkeztuko du, 2021eko udaberri-udarako sortutako proposamena.

Ruben Pantiga asturiarrak modako argazkigintzan hasi zuen bere ibilbide profesionala. Iraunkortasunaren defendatzaile sutsua, gizarteak egun duen kontsumitzeko moduaren pentsamendu kritikoa sustatu nahi du.

#KosturaKamikaze. Kontsumo gizartearen gogoeta post-apokaliptikoak’ izeneko proposamena aurkeztu du Jantziaren Zentroan.

Hiru sortzaileak Torrekuan kokatutako Habian! hazitegiko egoiliarrak dira. Errenteriako Udalak eta Oarsoaldea Garapen agentziak 2016 urtean zabaldu zuten artisau eta sormen lanbideei laguntzeko proiektuan. Hiru urteko epea du sortzaile bakoitzak bertan bere proiektua garatu, landu eta bertan kokatzeko.

‘Egunsentia:Torrekuatik diseinatzen’ erakusketa Jantziaren Zentroaren beheko solairuan doan ikus daiteke datorren otsailaren 28a arte honako ordutegi honetan: larunbatetan, 11.00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.