Udalak Errenteriako saguzarren inbentarioa egin du

Saguzarrak, betidanik, gutxi ezagutu eta aztertu den fauna-taldea izan da. Horren arrazoia, neurri handi batean, ikustea zailtzen duten gaueko ohitura diskretuak izan dira. Azken urteotan, interes handiagoa piztu dute eta, egindako ikerketek, oinarrizko alderdi batzuk hobeto ezagutzeko aukera ematen dute, nola dauden banatuta eta zenbat diren, besteak beste.

Bertako saguzarrek, duten elikadura erabat intsektujalea dela eta, zeregin garrantzitsua dute giza osasunari eragiten dioten eta laboreak zein basoak kaltetzen dituzten intsektu-populazioen kontrolean. Enarak eta bestelako txori ugari, gaua iristerakoan, kabiratzen direnean, intsektujale nekaezin hauek horien tokia hartzen dute, bizitoki duten leize-zulo, meategi, zuhaitz, edo eraikin anitzen pitzaduretatik ateraz.

EAEn 25 espezie-mota aurkitu daitezke, guztiak intsektujaleak. 2019-2020 bitartean Errenteriako Udalak udalerrian dauden espezieen lehen inbentarioa egin du, espezie horiek non dauden banatuta eta horien kontserbazio-arazoak zein diren jakiteko. Herri-inguruko eremuan (Arramendiko Parkea eta Oiartzun ibaiaren bazterrak), Lau Haizeta Parkea eta Aizpitarteko barrunbeen multzoan egin da lan. Lan horri esker, 16 saguzar espezie identifikatu dira, eta horien artean aurkitzen dira hiru taldetako espezialistak: haitzuloetakoak, hala nola haitzuloko saguzarra; zuhaitzetakoak, gau-saguzar txikia, eta pitzaduretakoak, saguzar nanoa. Horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko espezie mehatxatuen katalogoan sartuta daude, horietako bi babes-kategoria gorenean (galzorian): barbasta-saguzarra eta ferra-saguzar mediterraneoa.

Azpimarratzekoa da aurten egindako lanetan hainbat ferra-saguzar mediterraneo (Rhynolophus euryale) aurkitu direla Aizpitarteko barrunbeen multzoan. Duela 50 urte behatu zituzten bertan azkenekoz. Gipuzkoan aldiz, 60ko hamarkadan espezie horren aipamen bakan batzuk zeuden jasota, baina gaur egun Errenterian galdutzat jotzen zen. Berriz agertu izana, oraindik urria eta noizean behingoa izanagatik ere, pozgarria da, eta Udalak ondare naturalaren kontserbazioarekin duen konpromisoa sendotu egiten du.

Saguzarrek bizi-irauteko arazoak dituzte. Azken urteotan populazioen beherakada nabarmena antzeman da bai maila orokorrean, bai tokian-tokikoan, gizakiaren ekintzaren ondorioz batez ere. Honako hauek dira mehatxu-faktore garrantzitsuenak: habitat naturalen aldaketa, babeslekuetan eragindako traba eta ekintza bandalikoak, eraikinak zaharberritzeagatik eta zuhaitz zaharrak mozteagatik babeslekuak galtzea, pestizidek eragindako intoxikazioagatik aleak hiltzea, eta parke eolikoetan, errepideetan eta bestelako giza azpiegitura batzuetan izandako istripuengatik aleak hiltzea.

Funtsezkoa da eragin horiek ezabatzea edo, behintzat, murriztea, zenbaitetan heriotza larriak ere eragiten baitituzte. Horretarako, Errenteriako Udalak hainbat jarduera garatzen ditu “Natura-ondarea eta bioaniztasuna hobetzeko eta kontserbatzeko udal Estrategia”ren esparruan, saguzarrak bizi eta ehizan aritzen diren habitat naturalen kalitate ona zaintzeko eta balio handiko babeslekuak egoera onean mantentzeko, hala nola, umatu eta hibernatu ohi duten barrunbeak, eraikinak edota zuhaitzak.

Ildo honetan, Udalak kudeatuta, Fanderia, Gabierrota, Arramendi, San Marko eta Txoritokietako zuhaitzetan 50 kabi-kutxa jarri dira 2020an, zuhaitzetako saguzarrek babesteko leku gehiago izateko. Aizpitarte IV leizean, multzoaren barrunbe nagusian, babes itxitura ere indartu egin zen, kontrolik gabeko jende sarrerak bertan dagoen kultura eta natura ondare baliotsua kaltetu ez dezan.

Babesleku hauetan hainbat bizi-jarduera garatuko dituzte saguzarrek: hibernazioa, ugalketa eta gorteatzea. Saguzar kutxen erabileraren jarraipenak neurri honen eraginkortasuna aztertzea baimenduko du.