Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala, asteartean emakume batek jasandako eraso sexistaren aurrean

Errenterian emakume batek jasan duen eraso sexistaren aurrean, Errenteriako Udaleko alderdi politikoek, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu dute:

1.- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du asteartean, urtarrilak 19, Errenterian gertatu zen erasoa eta zero tolerantzia adierazten du edozein eraso matxistaren aurrean.

2.- Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera.

3.- Errenteriako Udalak bere esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarriko ditu erasotua izandako emakumearen eskura.

4.- Udalak bat egiten du eraso hori gaitzesteko Mugimendu Feministak gaur, urtarrilak 21, arratsaldeko 19:30ean Zumardian deitu duen mobilizazioarekin eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen die.