Purita Santa Cruzek 100 urte bete ditu

Purita Santa Cruzek 100 urte bete zituen atzo eta Sanmarkosene egoitzan ospatu zuen. Iluntzean, gainera, Txistulari bandaren ezusteko bisita jaso zuen, nahiz eta, egungo osasun egoera dela eta, errezitaldia egoitzatik kanpo eskaini behar izan zuten.

Purita Ereñotzun jaio zen eta 6 anai-arrebetatik gazteena da. Baserri batean bizi izan zen 35 urtez bertako lanak egiten, batez ere behiak zaintzen.

35 urterekin, baserriko lanez “aspertuta”, Lezora joan zen bizitzera, anai baten etxera, eta bertan ‘Bodega’ tabernan hasi zen lanean. Lezon bere senarra ezagutu zuen eta seme bat izan zuten, José Manuel.

Urte batzuetan bizilagun bat zaintzen aritu zen eta oso harreman estua mantentzen du oraindik ere bizilagun horren semearekin, Pellorekin.

Gaztaroko egunetatik, Ereñotzuko eliza ondoko plazan dantzatutako pasodobleak eta dantza solteak gogoratzen ditu.

Gaur egun Sanmarkosene egoitzan bizi da eta 4 biloba ditu.