Udalak, ostalaritza-sektoreak eta Ikertaldek Errenteriako ostalaritzaren Plan Estrategikoa egingo dute

  • Udalerriko ostalaritza-sektorearen etorkizunaren oinarriak finkatzeko plan estrategikoa da
  • Helburu hauek izango ditu: ostalaritza epe labur eta ertainerako Plan Estrategikoaz hornitzea, sektorearen beharrekin koherentea dena, kolektiboa sentsibilizatzeko eta motibatzeko aldez aurreko baldintzak sortzea eta sektorea dinamizatzen laguntzea

2020a urte gogorra izan da, eta pandemiak eragin handia eduki du – eta oraindik ere eragina dauka – gure ehun ekonomikoan eta enpleguan. Horregatik, Udalak ahalegin berezia egin du haren ondorioak, ahal den neurrian, arintzeko.

Apirilean, udal-talde guztien babesarekin onartutako talka-plana aurkeztu zuen Udalak, hainbat motatako 16 neurriz osatua, eta urtean zehar horiek martxan jarri ziren –kasu batzuetan zabaldu ere egin ziren–. Neurri horietako batzuk udalerriaren ekonomia dinamizatzeko Bizi Errenteria programaren bidez garatzen ari dira.

Bestalde, udalerrian enplegua sustatzeko, langabeak lan-merkatuan sartzen laguntzeko eta merkatu horretan sartzeko zailtasun bereziak dituztenen enplegagarritasuna handitzeko, 65 pertsona kontratatu dira Udalak sustatutako 2020ko enplegu-planen bidez.

Epe ertain eta luzerako estrategiak eraikitzeko beharra

Pandemiaren izaera, horren garapen azkarra eta herritarrengan eta ekonomian izan zituen eraginak zirela eta, pasa den urtean Udalaren lehentasuna izan zen errenteriarren urgentziazko beharrei erantzutea.

Hala ere, premia larrienei erantzuteaz gain, Udalak ezinbestekotzat jotzen du etorkizunari buruzko gogoetak egitea eta epe ertaineko estrategiak eraikitzea.

Ostalaritzaren plan estrategikoa, ostalariekin

Osasun-krisiaren ondorio ekonomikoak nabarmen pairatzen ari diren sektoreetako bat ostalaritza da.

Gainera, pandemia osteko ostalaritza ez da orain arte ezagutu duguna izango, eta ezinbestekoa da sektorea horretarako prestatuta egotea.

2020. urtean zehar, Udalaren eta ostalaritzaren arteko harremana oso estua izan da; Ostarirekin lankidetza, herriko ostalari asko biltzen dituena, giltzarri izan da sektorearen beharrei erantzuteko.

Orain, Ostarirekin proposatutako Plan Estrategikoaren beharrarekin bat egiten du Udalak, sektoreak udalerrian izango duen etorkizunaren oinarriak finkatzeko, eta eskutik egingo dute bidea. Herriko ostalari guztiei zabalik dagoen prozesua da.

Sektorearen hausnarketa eta plan estrategikoa Ikertalde Aholkularitzaren bidez garatuko da, eta helburu nagusi hauek izango ditu:

• Errenteriako ostalaritza-ekosistema osatzen duten eragileak epe labur eta ertainerako Plan Estrategikoaz hornitzea, sektorearen beharrekin koherentea izango dena.

• Kolektiboa sentsibilizatzeko eta motibatzeko aurretiazko baldintzak sortzea, banakako eta taldeko proiektuei ekiteko.

• Sektorea dinamizatzen laguntzea.

Plan Estrategikoa garatzeko, Ikertalde Aholkularitzako taldeak Errenteriako ostalariekin eta Udalarekin lankidetzan jardungo du. Plan hori egiteko faseen artean, honako hauek daude: aurreko fasean bildutako informazioa optimizatzea eta horretan murgiltzea; elkarrizketak, lan-saioak eta -tailerrak hainbat auzotako ostalariekin; eta aldizkako jarraipen-saioak Udalarekin, baloratzeko proiektuaren bilakaera eta, hala badagokio, doikuntzak egiteko beharra.