Astemek, Katukok eta Oilarqueenek erronka bota dute

Inauteri egunak badatoz eta eurekin batera, herriko inauterietako pertsonaiak ere. Astemek, Oilarqueenek eta Katukok euren azken burutazioaren berri eman dute prentsa aurrean eta ondoan izan dute Ion Collar Kultura zinegotzia.

COVID-19ak sortutako pandemiaren eraginez, inauteriak bertan behera geratu dira baina Udalak keinu txiki bat egin nahi izan die egun hauei, Xenpelar Bertso Eskola eta Zoruk Antzerki Taldea bidelagun izan ditula.

Asmoa Asteme, Katuko eta Oilarqueenen presentzia bermatzea izan da eta horretarako erronka ba proposatu dute: pertsonaien irudiak herriko txoko ezberdinetan ezkutatuko dituzte, auzo guztietan, eta errenteriarren lana izango da irudi horiek aurkitzea.

Ostegun gizenean, hilaren 11n, hasiko da erronka eta otsailaren 21ean amaitu. Egun horietan zehar pertsonaien irudiak aurkitu eta argazkia egin beharko diete herritarrek. Argazki horiek erronka@errenteria.eus helbidera bidali beharko dituzte eta parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dira.

Ezkutalekuak zeintzuk izango diren erabakitzeko Xenpelar Bertso Eskolako kideen laguntza izan dute 3 pertsonaiek. Eurek egin dute herriko txoko adierazgarri batzuen zerrenda eta horiek topatzeko laguntza moduan, ezkutaleku bakoitzarentzako pista bana ere idatzi dute.

Guztiak, Herri Biziako Faceko eta Twitter kontuetan eta herribizia.errenteria.eus/erronka helbidean argitaratuko dituzte ostegunetik aurrera. Web orrian, gainera, erronkaren xehetasunak jasotzen dituen bideoa eta baita inauteri egunetarako programatu diren ikuskizunen berri ere aurkituko ahal izango da.

Ikuskizunak Niessen Kulturgunean

Erronkaren proposamena egiteaz gain, pertsonaietako bakoitzak ikuskizun bat ere proposatu die herritarrei. Hala, Niessenek hiru ikuskizun hartuko ditu; dibertitzeko eta parre egiteko hiru aukera.

Oilarqueenen hautua otsailaren 12an iritsiko da Kulturguneko oholtzara: The Chanclettes taldearen ‘Anticoronacava.ret’ ikuskizuna. Bertan argia, distira, umorea, kritika, satira eta batez ere, kabareta izango dira protagonista. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da.

Astemek, ordea, otsailaren 13rako proposamena luzatu die herritarrei, Tartean Teatroa konpainiaren ‘Ez dok ero’ antzezlana hain zuzen. Euskal kultura, antzerkia eta gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua eskainiko dute Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak, 19:00etatik aurrera.

Amaitzeko, publiko familiarrarari zuzendutako antzezlana aurkeztu du Katukok: Spasmo Teatroren ‘Ebook 2.0’. Igandean izango da, hilaren 14an, 18:00etan. Liburuaren eta bere protagonisten istoriorik liluragarriena eta zentzugabeena azalduko dute aktoreek, bokazio didaktikoa duen eta oso dibertigarria den ikuskizunean.

Sarrera guztiak salgai daude dagoeneko bibe.me webgunean.