Zaintza-sare publiko komunitarioak ia 5.000 pertsonari deitu die abendutik, eta boluntario gehiago bilatzen ari da adineko pertsonei babesa ematen jarraitzeko

Errenterian 65 urte edo gehiagoko ia 9.000 pertsona daude, eta horietatik 7.000k 70 urtetik gora ditu. Errealitate horren jakitun izanik, beste hainbat ekimenekin batera, zaintza-sare publiko komunitarioa jarri zen abian 2020ko martxoan, Covid-19aren lehen olatua gogorrenean eta konfinamendua zorrotzenean zirenean; banan-banan deitu zieten pertsona horiei, beren egoeragatik galdetzeko, premia biziko ondasunak etxera eramateko zerbitzua eskaintzeko, etab.

Ikusirik pandemia luzerako izango zela eta adinekoak egoera hau nola eramaten ari zirenarekin kezkatuta, azaroan berriz aktibatu zen zaintza-sare publiko komunitarioa eta herritarrei dei egin zitzaien boluntario gisa izena ematera, berriz ere 70 urtetik gorakoei deitu eta jarraipena egin ahal izateko.

Zeregin horrekin abenduan hasi ziren eta dagoeneko 5.000 dei inguru egin dituzte.

Deietatik ateratako lehen ondorioak

Dei hauekin pertsona bakoitzaren argazkia atera da. Galdetu zaio nola dagoen, nahi ez arren bakarrik dagoen eta gustatuko ote litzaiokeen babes emozionalik edo akonpainamendurik jasotzea, etxetik ateratzeko zailtasunik baduen edo jarduera fisikoren bat egitea gustatuko litzaiokeen, etab.

• Askok eskertu dute berriz deitu izana, eta adierazi dute segurtasuna ematen diela berriz ere deia jasotzeak.

• 107 pertsonak, momentuz, adierazi dute akonpainamenduko deiak jaso nahi dituztela modu iraunkorrean, astean behin edo bitan.

• 54 pertsonak adierazi dute ariketa fisikoa egin nahiko luketela edo etxetik ateratzeko zailtasunak dituztela.

• Boluntarioren batek antzeman badu koadro konplexua zela, kasua Gizarte Zerbitzuetara deribatu da, eta zerbitzu horretatik jarri dira pertsonarekin harremanetan, egoera profesionalki aztertzeko. 5000 dei hauek egin ostean 8 izan dira Gizarte Zerbitzuetan ezagutu ez eta detektatu diren kasuak.

Boluntarioak biltzeko deia

Alabaina, deiak jaso dituzten pertsonen arabera hain beharrezkoa den zeregin hau burutzeko giza ahalegin handia behar da eta pertsona askok hartu behar du parte hartzeko konpromisoa.

Horregatik, zaintza-sare komunitariotik deia egiten dugu parte hartzeko prest daudenek izena eman dezaten, horrela ahalik eta lasterren amaitzeko 7000 dei horiek egiten, eta, halaber, bakarrik sentitzen diren pertsona horiek eskatutako deiak egiten hasteko.

Izena emateko, formulario azkar bat bete (https://errenteria.eus/boluntariotza/) edo 010@errenteria.eus helbidera idatzi behar da.

Telefono-zenbakiak eguneratzea eta akatsak zuzentzea

70 urtetik gora izan eta oraindik -ezta lehen olatuan ere- deirik jaso ez duten pertsonek 010 edo 943 449 600 zenbakietara deitu edo zu@errenteria.eus helbidera idatz dezakete; izan ere, konturatu gara Udalean jasota zeuden hainbat telefono-zenbaki ez zirela zuzenak. Gure asmoa, datuak eguneratu eta guztiei deitzea baita