EMKE – Musika Kultur Elkarteak ‘Gure Bakarlariak’ talentu gazteen errezitala eskainiko du otsailaren 20an

  • Kontzertura joan ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da gonbidapena eskuratzea, bihartik aurrera, Niessen Kulturguneko leihatilan.

EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkarteak ‘Gure Bakarlariak’ zikloa irekiko du otsailaren 20an Niessen Kulturgunean. Musika Kultur Elkartetik adierazi dutenez, “Laster aurkeztuko da 2021eko kontzertuen denboraldia, eta aurreko denboraldian gauzatu ezin izan ziren hainbat proposamen eszenikorekin osatuko da. Espero dugu oraingo honetan, aurten alegia, eskaini ahal izatea”.

‘Gure bakarlariak’ ekimenaren eskutik, talentu gazteak zuzenean entzuteko aukera egongo da datorren larunbatean, otsailak 20an, Niessen Kulturgunean, gonbidapenarekin. Herriko Musika Bandako hainbat bakarlari gazteren talentuaz gozatu ahal izango da bertan: Aritz Segura (flauta), Jon Viejo (tronpeta), Oihan Espina (klarinetea), Aitor Zorzano (saxoa), Borja Rubiños eta Gonzalo Encinal (pianoa), Jesus Perez eta Marino Elorza (bateria). Lau ikuspegi ezberdin, lau proposamen musikal eszenatokian, 2021eko denboraldiari hasiera emateko.

“Kontzertu honekin – adierazi dute EMKEko arduradunek – Covid-19ak markatutako denboraldi berri “bereziari” emango diogu hasiera. Lehen hiruilekoan behintzat, ahalegin handia egin beharko dugu gure barne-funtzionamendua egokitzeko, entseguak eta kontzertuak kokatzeko eta formatuak eta proposamenak egokitzeko”.

*Garrantzitsua: egungo osasun-egoera eta indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, kontzertura joan ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da gonbidapena eskuratzea. Kontzertu honetarako gonbidapenak bihartik (ostiraletik) aurrera eskuratu ahal izango dira Niessen Kulturguneko leihatilan.