EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak aurtengo ildo nagusien berri eman du

Kultura 2021-02-19 | 0

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak bihar emango dio hasiera 2021 denboraldiko lehen faseari, “Gure bakarlariak” zikloarekin, Niessen Kulturgunean.

“Denboraldi hau Errenteriako Musika Bandarik gabe hasi behar izan dugu, entseatzeko aukerarik gabe dugulako Banda (musikari profesionalak bakarrik jardun baitezakete indarrean dauden arauen arabera), eta horrek, bakarlari eta ganbera-talde profesionalak bakarrik programatzera behartu gaitu. Horixe da balia genezakeen aukera bakarra, eta denboraldiko lehen fasea abian jartzeko baliatu duguna” – adierazi dute EMKEko kideek.

Gauzak horrela, bihar Musika Bandako hainbat bakarlari gazteren talentuaz gozatzeko aukera egongo da: Aritz Segura (flauta), Jon Viejo (tronpeta), Oihan Espina (klarinetea), Aitor Zorzano (saxoa), Borja Rubiños eta Gonzalo Encinal (pianoa), Jesus Perez (baxua) eta Ander Marino (bateria). Beharrezkoa da gonbidapena hartzea Niessen Kulturgunean.

2021. denboraldiko ildo nagusien aurkezpena

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak Covid-19k baldintzatutako egoerara egokitutako kontzertu formatuarekin ekingo dio denboraldi berriari, bi fasetan. Lehen esan dugun bezala, denboraldi “berezia” izango da, eta lehen fasean ezin izango da Errenteriako Musika Banda bere osotasunean jardun.

• Lehen fasea: talde eta proposamen profesionalen programazioa eta berreskurapen historikoko lana.

• Bigarren fasea: “normaltasun” egoerako programazioari ekingo diote, egoerak baimentzen duenean. Hau da, Errenteriako Musika Bandarekin, errendimendu betean.

Azaldu dute 2021eko bi faseak bi ataletan banatuko direla, helburu nagusiak oinarri hartuta, horiek direlako indarrean dagoen araudia betez aurre egin diezaiekeenak:

1. Funtzionamendua eta barne-antolaketa:

• Barne-funtzionamendua, entseguen eta kontzertuen kokapen berria eta formatuak eta proposamenak, oraingo errealitatera egokitzea.

• Artxiboko lan historikoan sakontzea.

• 2021 denboraldirako hartutako konpromisoak betetzea.

2. Musika arloa:

• “Gure bakarlariak” ziklo ibiltaria oinarritzat hartzea, bakarlari gazteei (profesionalei) lekua egiteko. Zuzenean jotzeko aukera ematea. Musikako talentu berrien erakusketa zabaltzea.

• Konpositore berrien obra eta konposizioak ezagutaraztea.

• Euskal konpositoreen obraren berreskuratze historiko bidean sakontzen jarraitzea, bai partituren berreskurapen mailan, bai horien aurkezpen eta estreinaldi mailan.

• Formatu, genero eta proposamen eszeniko berriak integratzea.

• Aurreko denboraldian egin ezin izan ziren kontzertuak eta proposamenak berreskuratzea.

• Proposamen eszenikoak berritzeko prozesuetan sakontzen jarraitzea.

2021 denboraldiaren irakurketa orokorrari dagokionez, (betiere egoerak hobera egiten badu) musika eta historia uztartzea helburu duten proiektuak garatzea da asmoa. Bestelako eskaintza sortu nahi duten proiektuak, musika-ekitaldiak ohiko agertokietatik ateraz eta espazio historikoetara eramanez, musikari eszenografia berritzaileak emanez. Ekitaldi erakargarri eta berritzaileak, ikus-entzuleen “pertzepzioa” eta “bistaratzea” gidatuko dutenak ekimen edo proiektu zabalago baterantz. Ildo horretan, apirilaren 10ean Niessen Kulturgunean “Sugaar Ensemble” ganbera-taldeak eskainiko duen kontzertua azpimarratu nahi dute, Mahlerren 1. sinfonia izango duena ardatz.

No comments yet.

Utzi erantzuna