Beteta dator Niessen Kulturguneko martxorako arte eszenikoen agenda

Kultura 2021-03-02 | 0

Ikusleen segurtasuna lehenetsita sortutako protokoloari jarriki, arte eszenikoetaz gozatzeko hainbat aukera izango da martxoan. Gaur, hilak 2, programazio horren xehetasun guztiak eman dituzte Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak Iker Arrue eta Idoia Hernandez ‘Hatxe’ sortzaileekin batera.

Lehendabiziko hitzordua ostiralean, hilak 5, izango da: Marie de Jongh konpainiak ‘Ikimilikiliklik’ antzezlana eskainiko du 18:00etan. Publiko familiarrari zuzendutako lan honek, Ekhi protagonistak umetan zituen beldurrak azaleratuko ditu: norbait babesgabe dagoela ikustea eta sorginak.

Hilaren 12an, estreinaldi bat hartuko du Niessen Kulturguneak 19:00etan. Aido Project dantza konpainiak ‘En picado’ ikuskizuna eskainiko du; suizidioa, depresioa eta promiskuitatearen inguruko hausnarketara gonbidatzen duen lana. Konpainiako kideek pasa den urrian burutu zuten egonaldi artistikoa Niessenen. Egonaldi horri esker ezagutu zuten elkar Iker Arrue konpainiako zuzendariak eta eta Idoia Hernandez ‘Hatxe’ herriko pianista eta musikagileak Arrue ikuskizun berrirako musikagile baten bila zebilenean. Ordutik elkarlanean jardun dute eta Kulturguneko taula gainean izango da elkarlan horren emaitza estreinekoz ikusteko aukera.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren markoan ere bi ikuskizun programatu dituzte Niessenen. Martxoaren 21ean Mari Luz Estebanen ‘Andrezaharraren manifestua’ liburuko poemak oholtzaratuko ditu Metrokoadrokak izen bereko ikuskizunean. Hilaren 28an, berriz, Las XL taldea ‘Degenérate mucho’ lanarekin etorriko da negar eta algara, kontraesan pertsonal eta kolektiboak, inposizioak eta errebeldia oinarri dituen lana eskaintzera. Saio biak 19:00etan hasiko dira.

Bi ikuskizun horien artean, baina, Benetan Be konpainia bizkaitarra helduko da, martxoaren 27an, ‘Porno versus Afrodita’ euskarazko lanarekin: gaztetxe batean emango azken kontzertua irudikatuko dute protagonistek, 19:00etan. Gainera, Atarian ekimenari esker, antzezlan honen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Egonaldi artistikoen emaitzak

Aurkeztutako programazioaz gain, sorkuntza prozesuan dauden beste bi proiektu ere erakutsiko ditu Kulturguneak. Izan ere, Udalak hainbat konpainiei euren lana garatzeko espazioa eta baliabideak eskaintzen dizkie eta bertan garatzen duten lana herritarrei hurbiltzea da emanaldi hauen helburua.

Martxoaren 20an, DesAires Teatroak ‘Apotheosis Buffo’ ikuskizun berriaren egonaldi amaierako saioa eskainiko du publikoaren aurrean: bakanal garaikide batean, Jesus Nazaretekoa eta Kolon bezalako pertsonaia historikoen berrinterpretazioa kontatuko du Dionisosek bertan. 19:00etan izango da hori.

Amaitzeko, hilaren 29an, 18:30ean, Itsaso A. Cano koreografo nafarrak gidatutako ‘Groove’ ikuskizunaren entsegu irekia izango da, patroi erritmikoetatik sortzen den lehen mugimendu horretara daramanaren sotiltasunean sakontzen duen pieza. Dantzagunearen Atalak ekimenaren baitan garatzen ari den proiektua da hau.

Sarrerak salgai jada

Aipatu ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daudela jakinarazi dute: Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; bibe.me webgunean; eta ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago. Hala ere, hauen artean badira, euren izaeragatik, doakoak izango diren emanaldiak; hauetan ere gonbidapenak eskuratzeko aukerak sarreren salmentarako erabiltzen direnak izango direla jakinarazi dute.

Honekin batera, ikuskizunen prezioak ere aipatu dituzte: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako ikuskizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

No comments yet.

Utzi erantzuna