Udalak lizitaziora atera ditu Pontikan aparkaleku berriak eraikitzeko proiektua idazteko laguntza teknikoa eta obra zuzendaritza

  • Aparkaleku berria Beraun kaleko behealdean egongo da, Pontika auzoan

Pontikako eremuan aparkaleku berriak eraikitzea da Errenteriako 2019-2023 Agintaldirako Planean jasotako jardueretako bat.

Hasiera batean, aparkalekuak Jose Miguel Barandiaran parkea izango denaren azaleraren azpian eraikitzea aurreikusita zegoen, eta, parke hori eraikitzeko, beharrezkoa da gaur egun parkearen azalera hartzen duten aparkalekuak birkokatzea.

Baina, COVID-19ak sortutako ziurgabetasun-egoerak kokaleku berri bat bilatzera eraman du Udala; alde batetik, Barandiarango parkearen etorkizuneko urbanizazioa baldintzatzen ez duena eta, bestetik, aparkalekuak hartzeko edukiera handiagoa duena.

Aparkalekua proiektatuko den lekua Beraun kalearen behealdean dago, GI-20 autobidearen ondoan eta Arditurri kaleko garajeen aurrean.

Proiektuaren birdefinizioak hiru solairuko eraikin bat eraikitzea aurreikusten du, zati bat sestra gainean, gutxi gorabehera 180 aparkaleku berri egiteko.

Proposamen teknikoak aurkeztea

Exekuzio proiektua idatzi eta lanak aurrera eramateko aurrekontua 123.165 eurokoa da. Martxoaren 30a da proposamen teknikoak aurkezteko gehieneko data.

Baldintzak esteka honetan ikus daitezke.