55,2 miloi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Udal Gobernu taldeak 2021erako

Gardentasuna | Udal antolamendua 2021-03-16 | 0

Ezkerretik eskuinera: Garazi Lopez de Etxezarreta, Ogasuneko zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Maite Gartzia, alkateordea.

Errenteriako Udal Gobernu taldeak 55,2 miloi euroko aurrekontu proiektu bat prestatu du 2021erako.

• Zorpetzearen aldeko apustua egiten da Foru Funtsaren galerari aurre egiteko eta, ondorioz, kopuru osoa 2020aren parekoa da.

• Pandemiaren beharrei eta agintaldi planeko ekintzei (50etik gora) aurre egiteko baliatuko da aurrekontua.

• Agintaldi planaren garapenari dagokionean urte garrantzistuena izango da aurtengoa. Planeko ardatz nagusiei, gizarte babesa, kultura eta ingurumena, 2021ean garapen ekonomikoa gehituko zaio.

2020

2021

55,403,100.00 euro

55,171,884.00 euro

AURREKARIAK

2021eko aurrekontu proiektua eta honen onarpen egutegia ulertzeko 2020 urteari erreparatu behar zaio.

2020 urtean, martxoan hain zuzen ere, COVID-19a gurera etortzearekin batera, Udalaren iazko aurrekontu proiektua eta exekuzioa erabat aldatu dira.
Oro har, sarrera-aurrekontuaren exekuzioa ez da aurreikusitakoa izan, naguski, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) likidazioak izan duen 3 milioi euroko jaitsierarengatik.

UFFFaren jaitsiera orekatu nahitan, kontrol-neurriak hartu dira eta kontentzio-lan garrantzitsua egin da, besteak beste, 2021eko ekitaldian Udalak zorpetu ahal izango zuela bermatzeko. Udalak lehentasunak ongi zehaztu behar izan ditu, beraz, COVID-arekin zerikusi zuzena izan duten eta aurrekontu hartan aurreikusi ez ziren gastuen aurre egiteko.

Horren guztiaren ondorioz, garrantzitsua da aipatzea Udalak aurrezki garbi eta diruzaintzako gerakin positiboekin amaitu duela 2020 urteko ekitaldia. Likidazioa aste honetan bertan bukatuta egongo da eta datu guztiak izatean honen berri ere emango dute. Ondorioz, 2020an pandemiaren behar berriei erantzutearekin batera gerakina izatea lortu du Udalak. Hartara, 2021ean inbertsio gehiago egin ahal izango du.

2021EKO AURREKONTUAREN EZAUGARRIAK:

Esan bezala, iazkoa oso urte berezia izan da, 2020ko aurrekontuari ez ezik 2021ekoaren osaerari ere oso modu nabarmenean eragin diona:

1.- Aurtengo aurrekontua osatzeko informazioa eta “neurri bereziak” poliki-poliki ezagutzen joan dira. Ondorioz, aurrekontua prorrogatu da 2021eko aurrekontu proiektua osatzeko nahikoa informazioa izateko denbora edukitzeko.

2.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik jasotzen den Foru Funtsetik 2,2 miloi euro gutxiago jasoko ditu Udalak.

3.- Next Generation funtsak eta Oarsoaldea gune bereziki zaurgarria delako jasotzekoa omen den funtsen inguruan ezjakintasuna dago. Beraz, aurrekontuan ez da kopururik aurreikusi nahiz eta Udalak jakin badakien Errenteriak 2,5 eta 3 miloi euroren artean jaso beharko lituzkeela europako funtsetatik, eta Oarsoaldeak 24 milioi Eusko Jaurlaritzatik.

4.- Aurtengo ekitaldiari begira, gastu-araua malgutzeak gehiago zorpetzeko aukera eskaintzen du. Hori dela eta, 4,5 miloi euroko mailegua eskatzea aurreikusi du Udalak. Foru funtsetik jasoko ez duena, maileguaren bidez estaliko du. Normalean 2 miloi euroko zorra eskatu ohi du baina, Udalaren ustez, aurten zorpetzeko unea da, arauek baimentzen dutelako, Udalaren finantza-egoera onak ahalbidetzen duelako eta, batez ere, testuinguru postpandemikoak eskatzen duelako. Bestalde, agintaldiko proiektu nagusiak aurrera ateratzeko unea ere bada.

5.- Agintaldi Planaren urterik garrantzitsuena izango da eta ekimen ugari jaso dira aurrekontuan. Agintaldi planaren egoera aurrerago aurkeztuko bada ere, aurrekontu honetan plan horretako 50 ekimenetik gora jasotzen dira.

6.- 2021eko aurrekontu-proposamenean babes sozialari (+%4,5), garapen ekonomikoari (+%10), kulturari eta ingurumenari eman diote lehentasuna. 4 arlo hauen jarduna sustatzeko, gastu korronteari dagozkion kapituluez gain, langileriari dagozkionak ere handitu edo mantendu dituzte. Bestalde, Udalarentzat oso garrantzitsua da herriko kohesioa mantentzeko ezinbestekoak diren arlo transbertsalak mantendu edo handitzea. Hauen artean, aniztasuna, berdintasuna eta udal hizkuntza politika lehenetsi dira.

7.- Hirigintzan jaitsiera garrantzitsua dago, urtean zehar gertatuko dena islatzen ez duena. Izan ere, batetik, 2020ko gerakina inbertsioetara bideratuko baita (6 bat milioi izan daitezkeela dirudi) eta, bestetik, hor daude etorriko omen diren Europako funtsak eta Eusko Jaurlaritzarenak, nagusiki inbertsioetara bideratuko liratekeenak.

EGUTEGIA. Aurrekontuaren onarpenerako egutegia

Martxoak 12-16 Oposizioari, komunikabideei etab. aurrekontu proiektua eta egutegia aurkeztu
Martxoak 26 Udalbatzako kideei aurrekontuaren aurkezpena arloka
Apirilak 21 Antolaketa batzordean aurrekontu proiektua diktaminatu. Deialdia, apirilak 16
Apirilak 26 Enmendakinak aurkezteko epea
Apirilak 27 Udalbatza

 

No comments yet.

Utzi erantzuna