‘Oarso 2021’ aldizkarirako artikuluak aurkezteko epea, zabalik

Errenteriako Udalak eta Oarso urtekariko erredakzio batzordeak gonbita egiten dute 2021eko maiatzaren 16a baino lehen Oarso aldizkarira artikuluak aurkezteko. Duela 90 urtetik hona, eta ia etengabe, aldizkariak bere hasierako asmoa bete du, alegia, errenteriar kultur bizitza islatzea, herritarren idazlanak bere orrialdeen artean hartuz eta ezagutza hori guztia komunitate osoari zabalduz. Bere ibilbide luzea dela eta, ezinbesteko tresna bibliografiko bilakatu da hiribilduaren historia kontsultatzeko.

Dagoeneko Oarso aldizkariaren aurtengo edizioa prestatzen ari dira. Bigarren garaiko 56. aldizkaria izango da eta, ohi bezala, uztailean aterako da argitara.

Oarso aldizkarian edonork parte har dezake, dokumentu honetan eskuragarri dauden arauak beteta.

Aukeratutako gaia mugatzeko asmorik gabe, Oarso erredakzio batzordetik urtekariko ohiko gaiak gogorarazi nahi ditu, hala nola oroitzapenak, ospakizunak, pertsonaia ospetsuak edo aurten aipamen berezia merezi dutenak. Horretaz gain, urtean zehar herrian izan diren gertakariak edota herriari buruzkoak ere jasotzen ditu.

Euskaraz idatzitako artikuluen ehunekoa 40 ingurukoa den arren, bereziki azpimarratu nahi dute gai hau, eta kolaborazioak euskaraz bidaltzera animatu nahi dute.

Era berean, dei berezia egin nahi dute emakumeek parte har dezaten; izan ere, egun kolektibo hori gutxienekoa da kolaboratzaileen artean.

Lanak oarso@errenteria.eus helbide elektronikora bidal daitezke, edo ZU! Arreta zerbitzuan zein Udal Artxiboan utzi (Herriko plaza z.g.)

Egileak bidalitako lana Idazketa Batzordeak onartzeak adierazi nahi du lana zein ilustrazioak aldizkariaren euskarri ezberdinetan formatu irekian (Creative Commons BY-NC-SA: Aitortza – Ez-komertziala -Partekatu berdin 3.0 (CC BY-NC-SA 3.0 ES)) argitaratzeko lagapena egiten duela.

Jatorrizko agiriak aurkezteko epea 2021eko maiatzaren 16an amaitzen da.

Argibide gehiago behar izanez gero:

– Telefonoak: 943 44 96 10 / 943 44 96 26 (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara).

– E-maila: oarso@errenteria.eus

Martxoaren 29an Errenteria 1845-1903. Manchester txikia monografikoa aurkeztuko dute

Errenteriako Udalak argitaratu eta Oarso aldizkariko erredakzio batzordeak sustatutako monografiko berezi honek argia ikusiko du hiribilduaren sorreraren 700. urteurreneko itxiera-ekitaldien karietara. Bi urteko lanaren ondorioz, Oarsok memoria berreskuratu eta egungo Errenteria hobeto ulertu dadin nahi du.

Aurkezpena martxoaren 29an izango da, 18:30ean, Merkatuzarren. Ekitaldira joateko gonbidapena eskatu behar da 943 449 610 telefonora deituz edo artxiboa@errenteria.eus helbidera idatziz.