Beraungo Aldakoenea kaleko haur-eskola zaharra auzo-etxe bihurtuko da. Hainbat udal-zerbitzu bertan kokatuz Udala hurbildu nahi zaie Beraungo zein Alaberga, Galtzaraborda eta Kaputxinoetako goialdeko bizilagunei

• Udalaren ekipamendu balioaniztun honek bere baitan hartuko ditu ZU! Zure Udala herritarren arreta-zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuak

• Udalak zein Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten tramite eta eskaera guztiak burutu ahal izango dira bertan

• Horrela, zerbitzua emango zaio inguruan bizi den Errenteriako biztanleriaren zati handi bati, Erdigunera joateko beharrik gabe

 

Ekipamendu balioaniztuna

COVID-19ak gizarte gisa ditugun lehentasunak birplanteatzea eragin du, baita erakundeetatik behar batzuei ematen diegun erantzuna bizkortzea eta areagotzea ere. Errenteriako Udalak, jakitun izanik garrantzitsua dela zaintzak indartzea, zerbitzuak pertsonei hurbiltzea eta gizarte kohesionatuagoa sortzea, erabaki du ildo horretan urrats garrantzitsu bat egitea.

Horregatik, Beraungo lehengo eskolaurreko eraikinak, Aldakoenea kalekoak, hartuko ditu ZU! Zure Udala herritarren arreta-zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuetako agenteen talde bat.

Ekipamendu honen funtzioak izango dira baldintza sozialak hobetzeko zerbitzuak ematea eta Udalaren zerbitzuak irisgarriagoak egitea biztanleriaren zati handi bati; izan ere, Beraunen eta Kaputxinoetako, Alabergako eta Galtzarabordako goiko aldeetan bizi diren biztanleen zati handi bati emango dio zerbitzua.

Udal zerbitzuez gain, herritarrek eta gizarte eragileek erabiltzeko gune bat ere izango du beheko solairuan. Ekipamenduak hemeroteka gune bat eta bilerak edo jarduera txikiak antolatzeko gune bat izatea aurreikusten da.

Gizarte Zerbitzuak: osasun-zentroaren logika bera

Gizarte Zerbitzuetan artatzen diren kasu eta espedienteen % 40 inguru geografikoki Errenteriako goiko zonaldean kokatzen dira.

Zentzu honetan, Beraungo osasun-zentrora joaten direnei automatikoki esleituko zaizkie eraikin honetako Gizarte Zerbitzuak.

Horretarako, 6 gizarte-langile eta koordinatzaile bat egongo dira, langile administratiboez gain.

Ustekabe garrantzitsuak

Eraikinaren lanak 2018ko urrian hasi ziren, baina burutzen ziren bitartean hainbat ustekabe gertatu dira. Lehena, Iberdrolaren erdi-tentsioko linea elektriko bat aurkitu zen, udal-planoetan ez zegoena eta mugitu behar izan zena. Bigarrena, eraikinean amiantoa egon zitekeela ikusi zen, eta horrek eragin zuen analisi zehatza egitea eta, ondoren, deskontaminatzea.

Ustekabe horiek konpondutakoan, Udala saiatu da berriz ere obrei ekiten, baina enpresa eraikitzaileak jakinarazi du ezinezkoa zaiola obra kontratuan ezarritako epe eta baldintzetan burutzea; hartara, Udala lanean ari da kontratu hori eten eta obrak berriz lizitatzeko.

Esleipen berria udarako egitea aurreikusten da, irailean berriro ekiteko lanei. Bitartean, eraikina ondo hesituko da, injerentziarik egon ez dadin.