Errigora egitasmoaren aldeko adierazpen instituzionala

Errigorak, 2012an Fontellasen, Nafarroan, du abiapuntua. Argia ikastolaren alde eta bertako produktuekin banatutako saskietan hain zuzen. Sustatzaileak, ekimenaren bitartez ikastolaren beharrak asetzeaz gain, inguruko ekonomian eragiteko aukeraz jabetu ziren eta hurrengo urtean, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, lelotzat zuen kanpaina abiarazi zuten. Arrakasta itzela izan zen eta harez geroztik, auzolanaren bidez, beste ekoizleekin harremanetan jarri ziren.

Errigora proiektuak euskara eta bertako produktuen kontsumoa uztartzen ditu. Euskara ofiziala ez den Nafarroako eremuetan eragitea du helburu, lurraldeko ekonomian eragitea lortuz, ia sinbiosi perfektua den eredu baten bidez. Urteekin, dinamika berriak sortu ditu, euskararekiko jarrera baikorrak eta hizkuntzaren eremuan lan egiten duten beste erakundeei elkartasun keinuak lortu nahian.

Urtean bi kanpaina egiten ditu Errigorak:

• Udaberrian “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura”. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserba-sortak eta Nafarroako arroza eta pasta eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan.

• Udazkenean “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka”. Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak banatzen dira kanpaina honetan. Auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten dio Errigorak kanpaina honen bitartez (saski bakoitzaren balioaren %25).

Tokian tokiko elkarte, eragile eta boluntarioen bitartez egiten da banaketa, Errenterian Lau Haizetara eta Orereta Ikastola arduratuko dira banaketa egiteaz.

Ekimenak bertako produktuen kontsumoa, auzolana, bertako ekoizleekiko gertutasuna eta euskara sustatzen ditu. Erriberako ekonomiarako euskarri moduan duen garrantzia gero eta nabarmenagoa da gainera eta urteko uztaren salmentaren ehuneko bat ziurtatzeak jarduera mantentzera animatzen ditu ekoizleak. Aldi berean, arestian aipatutako euskararekiko jarrera positibo horietara hurbiltzen ditu.

Errenteriako Udalak euskararekiko duen konpromisoa, nahiz bertako produktuen kontsumoa sustatzeko konpromisoa, erabat lerrokatzen dira Errigoraren helburuekin.

Horiek horrela,

Errenteriako Udaleko talde politiko guztiok gure babesa adierazi nahi diogu Errigora ekimenari eta gure aitortza egin nahi diegu ekimenean parte hartzen duten boluntarioei, euskararen eta bertako produktuen kontsumoaren alde egiten duten lanarengatik. Eta Udal langile guztiei Errigorako kanpainen berri emateko konpromisoa hartzen dugu.