Uztargi eta Goialde haur eskolek apirilean irekiko dute matrikulazio-epea 2020an eta 2021ean jaio diren haurrentzat

Hezkuntza 2021-03-23 | 0
  • Gainera, bi haur eskolek ate irekien jardunaldiak antolatuko dituzte martxoaren 29an eta 30ean, aldez aurretik hitzordua eskatuta

Uztargi eta Goialde haur eskola publikoetan 2021-2022 ikasturterako matrikulazio epea apirilaren 12tik 21era izango da zabalik. Baina, aurretik, ateak zabalik izango dituzte bi zentroek instalazioak eta bertako hezitzaile eta langileak ezagutu nahi dituzten familientzat. Bai Uztargik eta bai Goialdek egun hauetan edukiko dituzte ateak zabalik:

– UZTARGI: martxoaren 29 eta 30ean

Telefonoa: 943 512 216

– GOIALDE: martxoaren 29 eta 30ean

Telefonoa: 943 520 762

Haur eskola horiek ezagutu nahi izanez gero, aurrez hitzordua eskatuta egin ahal izango da, eskola bakoitzerako adierazitako telefonora deituta.

Matrikulazioa

Izen-ematea egiteko bi modu egongo dira:

– Telematikoa: apirilaren 12tik 21era, biak barne, www.haurreskolak.eus  webgunean.

– Presentziala (haur eskoletan): apirilaren 12tik 21era (9:00etik 14:00era).

2020an eta aurten jaio diren 426 haurren etxeetara bidaliko du gutuna Udalak, familiek Uztargi eta Goialde haur eskoletako eskaintza zuzenean ezagutu dezaten.

Era berean, Errenteriako Udalak gogorarazi nahi du Errenterian hezkuntza eskaintza zabala eta anitza dagoela 0-2 adin-tartean ere. Aniztasun horrek ekosistema aberatsa eskaintzen du hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz.

Ondorioz, Errenteriako Udalak hautu hori herriko haur eskoletan egitera eta D eredua lehenestera gonbidatu nahi ditu familiak eta balorean jarri nahi du haur eskolek jendartean betetzen duten funtzio hezitzaile eta soziala; zaintza garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarriz.

Goialde eta Uztargi haur eskolen ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urteko gelan zortzi haur daude gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan berriz, hamahiru. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin, eta hezitzaile horiek dira haurrei jaten eman eta haurrak lotarazten dituztenak.

Goialde haur eskolan 2 gela daude, eta etxeko giroa, familiartekoa, bermatzen da. Gurasoek, gainera, ez dute haurra haur eskolara eramateko presaka ibili behar, aparkatzeko arazorik ez baitago. Hezitzaileek etengabe formakuntza jasotzen dute, eta haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen da.

Uztargik 5 gela handi eta belarguneak ditu. Sukaldaria bertan dute eguneroko haurren bazkaria prestatzeko, eta janari ekologikoa eskaintzen dute.

Ordutegia bietan bera da, 07:30etik 17:00etara.

No comments yet.

Utzi erantzuna