‘E700 Herri Instalazioa’k itxiko du 700. urteurrenaren ospakizuna

Herriko hainbat artistekin elkarlanean ‘E700 Herri Instalazioa’ sortu du Kukai Dantzak Errenteriako 700. urteurrenari amaiera emateko. Hala aurkeztu dute Aizpea Otaegi alkateak eta Jon Maya Kukai Dantzako zuzendariak prentsa aurrean gaur goizean. Ondoan izan dituzte instalazioan parte hartu duten artistak eta baita urteurreneko lantaldean parte hartu duten ordezkari politikoak ere.

2020ko apirilaren 5ean 700 urte bete ziren Errenteria hiribildua sortu zenetik. Ospakizun urtea pandemiak baldintzatutako urtea izan bada ere, efemeridea herritarrekin batera ospatzearen ideiari eutsi dio Udalak eta eragileen ahaleginari esker, egoerara moldatutako 15 ekimen gauzatu dira hilabete hauetan zehar. “Asmoak erabat egokitu behar izan ditugu, baina horixe erakusteko urtea izan da aurtengoa, egokitzeko dugun ahalmenarena”, esan du alkateak.

Egoera honetan ospakizunari tartea eskaintzearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du Otaegik; izan ere, “garen komunitatea” ospatzea lortu baita horrela. Honekin batera, eskerrak eman nahi izan dizkie eragileei eta herritarrei parte hartzeko luzatu zaizkien gonbidapenetan erakutsitako herri-senarengatik.

Bestalde, azaldu du programazioa udal departamentu desberdinetako teknikariek eta alderdi guztietako ordezkari politikoek osatutako lantaldearen bidez landu dutela eta itxiera ere horrela egin nahi izan dutela, “guztion elkarlana irudikatuz eta bereziki, eragileek egin duten ekarpena eta izan duten inplikazioa agerian jarriz”.

Hala, iragarri du, Kukai Dantzak hainbat artistekin elkarlanean sortutako instalazio artistiko batek itxiko duela ospakizun urtea: “Urteurrenari hasiera emateko aurreikusi genuen ekimenarekin amaituko dugu eta ez dago gaizki, amaiera honek hasiera berri bat, fase berri bat iragarriko baitigu.

 

E700 Herri Instalazioa

Mayak azaldu duenez, “ ‘E700 Herri Instalazioa’ artetik gure herriari begiratzeko modu bat da. Izan garena jasoz, garen horretatik etorkizunera begiratzen duen bidaia bat proposatzen du”.

Herrian barrena argazki, arte plastiko, grafiko, soinu zein bideo espresioekin ibilbide bat osatu dutela esan du eta QR kode batzuen atzean ikusi ahal izango diren musika eta dantza piezekin osatutako ikusentzunezkoak ere egongo direla.

Obra horiek guztiek herriaren izaera definitzen duten duten 6 blokeri egiten diete erreferentzia: itsasoa, industria, aniztasuna, emakumea, elkarbizitza eta etorkizuna. Horietako bakoitza osatzeko artista ezberdinak izan ditu bidelagun Kukai Dantzak.

Itsasoak Errenteriaren egituraketan izan duen garrantzia Mendi Urruzunoren argazkiekin irudikatuko da eta Kukai Dantzak, Ereintza Dantza Taldeak eta Albaolak parte hartzen duten bideo batekin indartuko da. Irudiak itsasertza izandako guneetan egongo dira kokatuta.

Industria jarduerak ere Mendi Urruzunoren argazkiek islatuko dute Kukai Dantzaren koreografia jasotzen duen bideo batekin batera.

Errenteriako aniztasunaren lekuko TempoArtek diseinatutako irudiak egongo dira herriko auzoetan sakabanatuta. Atal hau Kukai Dantzak herritar multzo batekin egindako ikusentzunezkoak osatuko du.

Cristina Guerrero artista plastikoaren proposamenak emakumeen memoria jasoko du. Horretarako txoriak erabili ditu Guerrerok, bizitza, indarra, baikortasuna eta, batez ere, askatasunaren sinbolo unibertsala. Kasu honetan, QR kodeek Ereintza Dantza Taldearen dantza pieza eskainiko dute.

Elkarbizitzaren ideia agertzeko, bestalde, Kukai Dantza protagonista duen eta Sharon Fridmanen koreografia oinarri duen ikusentzunekoa osatu du David Bernuesek.

Amaitzeko, etorkizuneko begirada herriko 6 ikastetxeetako ikasleek eskainiko dute Xabier Erkizia soinu artistak egindako proposamen batean.

Instalazioa martxoaren 26tik apirilaren 12a arte izango da ikusgai bere osotasunean herriko kaleetan. Badira, hala ere, ordutegi berezia izango duten bi atal: elkarbizitzari eta etorkizunari lotutako piezak martxoaren 26 eta 27an proiektatuko dira Herriko plazan 19:00etatik 22:00ak arte.

Sarean ere izango du presentzia egitasmoak herribizia.errenteria.eus/700urte orrialdean. Ibilbidearen mapa eta azalpena martxoaren 26tik aurrera bertan aurkitu ahal izango bada ere, bideoak apirilaren 13tik aurrera izango dira ikusgai bertan.