Oarsoaldeko udalek errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dituzte zergadunak

2020ko errenta aitortzeko epea zabaldu den honetan, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren Errenteriako bulegoaren aurrean eginiko agerraldian parte hartu dute Errenteriako Udaleko euskara zinegotzi Itziar Ostolazak, Pasaiako euskara zinegotzi Loreto Osak, Oiartzungo euskara zinegotzi Josu Delgadok eta Lezoko ogasun zinegotzi Laura Muñozek.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin daiteke, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten denean ere euskaraz egin nahi dela hautatuz nahiz langileari adieraziz.

Itziar Ostolazak, Errenteriako Udaleko Euskara zinegotziak, animatu ditu euskaldun guztiak errenta aitorpena euskaraz aurkeztera, bi arrazoirengatik: alde batetik, normalean ez delako nahikoa Administrazioan euskara bermatzea, erabiltzaileek ere baliatu behar baitituzte aukera hauek; eta, bestetik, tramitazioak euskaraz egiteak Administrazioaren euskalduntzea dakarrelako.

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webguneko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.