Udalak Planetaren orduarekin bat egingo du larunbata honetan

Energia | Ingurumena | Jasangarritasuna | Medioambiente 2021-03-26 | 0

Martxoaren 27an, 20:30 – 21:30 bitartean, Planetaren Ordua izeneko ekimena ospatuko da munduko hainbat tokietan. Errenteriako Udalak, aurten ere, larunbat honetan ekimenarekin bat egingo duela jakinarazi du.

Planetaren Ordua 2007an jaio zen Sidneyn, Klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko keinu sinboliko gisa. Eraikin eta monumentuetako argiak ordubetez itzaltzean datzan keinu erraz bat.

Ekintza sinboliko honen bitartez natura planetaren bizi-euskarriaren sistema dela gogorarazi nahi da, eta planetaren babestea, bertan bizi garenon osasuna eta ongizatea babestea dela.

Planetaren Orduak herritarrak, enpresak, udalak eta erakundeak batzen ditu Klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurka borrokatzeko. Urteak pasa ahala, mundu mailako mugimendu bihurtu da, eta 200 herrialdetako milaka hirik hartzen dute parte. Aurreko edizioetan, 17.000 monumentu eta eraikin esanguratsu baino gehiago itzali zituzten, Eiffel dorrea edo Koliseoa, esaterako.

2021a urte erabakigarria da natura babesteko. Izan ere, aurten, munduko mandatariek klimari, garapen iraunkorrari eta naturari buruzko funtsezko erabaki politikoak hartuko dituzte: 2021eko maiatzean, Kunmingen (Txina), biodibertsitateari buruzko 15. Goi-bilera egingo da, 2020ko urrian egitekoa zena eta pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan zena. Bilera hori, 2021eko azaroan Glasgown ospatzekoa den Klimari buruzko Goi-bilerarekin batera (arrazoi beragatik atzeratua), funtsezko bi une izango dira gizarteak biodibertsitatearekin duen harremana eraldatzeko eta 2050erako naturarekin modu orekatuan bizitzeko plan orokor bat zehazteko.

No comments yet.

Utzi erantzuna