Errenteriako XII. Lore eta Landareen Azoka izango da bihar

Errenteriako XII. Lore eta Landareen Azoka Berezia ospatuko da bihar, martxoaren 27an, Gamon Zumardian. Azokaren hamabigarren urteurren honetan Gipuzkoako ekoizle nagusienak izango dira bere ekoizpena erakusgai ipiniaz, tartean “Dekolore” Elkartea osatzen duten ekoizleetako hamabi. Elkarte honek, bailarako Landa Garapenerako Elkarteen eta Udaletxeen laguntza baliatuaz, mota honetako ferien antolaketa sustatu nahi du Gipuzkoako herri nagusienetan.

Azokaren ordutegia goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara luzatuko da. Lore eta landareen postuez gain, kosmetika naturala, sendabelarrak, haziekin eta lore lehorrekin egindako artisau lanak eta hazi zein landare ekologikodun postuak ikusteko aukera izango da.

Horretaz gain, txikienentzako txokoa ere egongo da azokan: goizeko 11:00etatik eguardiko 13:00ak bitarte haurrentzako landaketa eta lore lehorrekin eskulanak egiteko tailerrak izango dira. Bertan, hainbat landare ezberdin lorontzietan landatzeko aukera izango dute eta beharrezko argipenak emango zaizkie beraien zainketari buruz. Era berean, lore lehorrekin konposaketa ezberdinak nola egin ere erakutsiko zaie hurbiltzen direnei.

Azokaren ibilbidea

Behemendi Elkarteak 2002 urtean ekin zion Baserriko Produktuen Azoka Bereziak antolatzeari eta, Errenterian, Udalaren laguntzarekin, 2004 urtean hasi zen azoka bereziak antolatzeko egitasmoa. Lehen hiru urteetan Errenteriako lehen sektorearen inguruko herri mailako azoka antolatu zen. Bigarren urrats bezala, eta herriko baserritarren eguneroko azoka eta jardunari lotuta, Zumardian azoka bereziak antolatzea erabaki zen.

Landa Garapen Elkarteak adierazi duenez, Azoka antolatzearen arrazoia egun baserritar produktuen feriek bizi duten beherakada prozesuan datza. Izan ere, lehen sektorearen beherakada nabarmena da eta, egoera horri, erosleen ohitura aldaketa gehitu behar zaio.

Azoka berezi hauek baserritar profesionalentzat bere ekoizpena saltzeko bide ezin hobea izan dira beti, salmenta puntu izateaz gain, baserriko produktuen promozio eta erakusketa-gune ere badirelako.

Aisi kutsua duen ekimen honek, inguruko dendarientzat ere baliagarria izan daiteke, eskaintzen diren produktuak ikus ditzaketelako eta gustukoak badira ekoizlearekin zuzenean kontaktua egin dezaketelako.

Azokan bere landareak erakusgai jarriko dituzten bederatzi landare haztegiak ondorengoak izango dira:

  • El Montañes haztegia: Landare usaintsuak eta apaingarriak
  • Islaya Haztegia: Kaktusak
  • Zunoyar lorategia: Barruko landareak, landare apaingarriak eta bildumako landareak.
  • Ortuberri: Baratzako landareak eta loredun landareak
  • Urtinea: Barruko eta garaiko landareak
  • Aritzkurengo Tienduka: Kosmetikako artisau-produktuak eta medikuntza naturala
  • Lore prentsatua: lore prentsatua, lore lehorrekin egindako koadroak
  • Hazi ekologikoak: Sendagarri eta sukaldaritzako erabilera duten landare eta haziak
  • Sojo natura: Kosmetika naturaleko artisau-produktuak
  • Sara Letamendia: Kosmetika naturaleko artisau-produktuak
  • Flores Ganchillo: Artisau bitxiak lore-motiboz eginak
  • Tissus Artisautza: Lore lehorra, banbu, Eukalipto eta abarren oinarrietan kapsulatua