Hiri-igogailu batekin gaindituko da Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleen arteko altuera-diferentzia

Udalak gaur eman du ezagutzera Maurice Ravel, Aita Donostia -kale horren birsorkuntza jasota dago 2019-2023 Legegintzaldi Planean- eta Juan Crisostomo Arriaga kaleak igogailu baten bidez lotzeko plana. Izan ere, kale horien birsorkuntza jasota dago 2019-2023 Legegintzaldi Planean.

Jarduketa honen helburua da konponbidea ematea eremu horretako irisgarritasun-arazo nagusiari indarreko Irisgarritasun Planaren baitan, alegia, hiru kale horiek lotu ahal izatea, altuera-diferentzia gaindituta, Udaleko teknikariek esparru horren inguruan egindako irisgarritasun-azterketaren emaitzak kontuan izanda.

Hartara, proposatutako konponbide teknikoa da hiri-igogailu bat jartzea Aita Donosti eta Maurice Ravel lotzeko, lotura hori luzatuta Juan Crisostomo Arriaga kaleraino.

Hiri-igogailu honen proiektuaren kostua ez da inola ere azken urteetan eraikitakoen parekoa, ibilbide laburragoko eta zailtasun txikiagoko igogailua izango baita. Aurreikusi da proiektu honek izango duela 450.000 euroko kostua, eta Udalak 266.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik.

2021ean kontratatuko da exekuzio-proiektua eta aurreikusten da, proiektu hori definitutakoan, 2022an eraikiko dela igogailua.

Proiektu garrantzitsua da auzoarentzat, izan ere, eremu horretan jende asko ibiltzen da, eta igogailuak bizilagun askori erraztuko die ikastetxerako eta PERCOn (Merkataritza Biziberritzeko Plana) identifikatutako merkataritza-eremu garrantzitsu baterako ibilbidea; hartara, espero da tokiko merkataritza laguntzea.

Irisgarritasunaren garrantzia

Udala jakitun da garrantzitsua dela errenteriarren irisgarritasuna erraztea hiri-igogailuen bidez, hala haien bizi-kalitatea hobetzeko, nola ingurumenerako, herria irisgarria izateak ibilgailu partikularren erabilera gutxitzen baitu.

Horregatik, gaur aurkeztutakoaz gain, aurreikusten da datozen urteetan beste igogailu bat jartzea Gaztañon. Bi igogailu hauekin osatuko da dagoeneko Errenterian martxan dauden 13 igogailuek ematen duten zerbitzua.