Astelehenean zabalduko da Udako Oporrak programan izena emateko epea

Gazteria 2021-04-07 | 0
  • Izena-emateak presentzialki egin ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea

Hurrengo astelehenean, apirilaren 12an, Udako Oporrak 2021 programan izena emateko epea zabalduko da. Epea apirilaren 30era arte egongo da zabalik, eta bertan Errenterian erroldatutako haur guztiek parte hartu ahal izango dute, baita herriko ikastetxeetan ikasten dutenek ere, nahiz eta bertan erroldatuta ez egon.

2018an abian jarri zen aplikazioari esker, herritarrei gomendatzen zaie izapide guztia etxetik eroso egiteko. Tramite hauek gazteria.errenteria.eus web orriaren bitartez egin ahal izango dira astelehenetik aurrera eta apirilaren 30era arte.

Apirilaren 12tik 23ra, biak barne, presentzialki ere egin ahal izango du izen-ematea nahi duenak. Horretarako inprimakia gazteria.errenteria.eus helbidean eskuratu daiteke eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan (Herriko Plaza z./g.) aurkeztu behar da. Ordutegia ondorengoa da: astelehenetan 7:30etik 14:00etara, asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00etara eta astearte eta ostegunetan 7:30etik 19:00etara.

Bai goizeko ordutegian bai arratsaldekoan ezinbestekoa da hitzordua hartzea. Segurtasun neurriak bete ahal izateko, hitzordu bakoitzeko pertsona bakarra sar daiteke.

Oporretan ere, aisialdi hezitzailearen aldeko apustua

Ikasturtean zehar, parekidetasun, partaidetza, inklusioa eta euskara balioetan eta eskubideetan heztea helburu duten programak garatzen dira.

Eta ikasturtean ez ezik, udan ere aisialdi hezitzailearen aldeko apustuarekin jarraitzen da.

Bizi dugun osasun-larrialdi egoera dela eta, eskaintza egungo segurtasun-neurrietara egokitu behar izan da eta horrek eragina du antolaketan.

Hori dela eta, 2015 eta 2017 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako ‘Txikiak’ eta 2011 eta 2014 urteen artean jaiotakoei zuzendutako ‘Udalekuak’ programetan izena eman nahi dutenek ekainaren 24tik uztailaren 21era bitartean egingo diren lau txandetatik batean parte hartu ahal izango dute.

Aurten hiru lekuetan eman ahal izango dute izena haurrek, Erdigunean, Beraunen eta Markolan. Plaza mugatuak direnez, izen-emate ordenaren arabera esleituko dira.

Hezitzailea den eskaintza honetan parte hartzen duten adingabeen segurtasuna zaintzeko, taldeak murriztu egingo dira, eta, beraz, haurrek ezin izango dute multzoan izena eman.

Tarifak hauek dira: ‘Txikiak’, 20,75€ eta ‘Udalekuak’ 25,90€. Aurten, berrikuntza gisa, izena ematerakoan ez da ordainketa egin beharko. Maiatzaren 21etik aurrera, izen-ematea egiterakoan adierazitako kontu korrentean egingo da.
Bi programen artean 720 plaza eskainiko dira, asteko 180.

Bestalde, 2008tik 2010era bitartean jaiotakoentzat, aurten ‘Errenteabentura’ izeneko programa berri bat diseinatu da, eta bertan parte hartzen dutenek goiz eta arratsaldeko jarduerak (09:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara) zein egun osoko txangoak egiteko aukera izango dute.

Errenteabentura programako ekintza hauek uztailaren 5etik 16ra izango dira, eta, gainerako eskaintzan bezala, parte hartu nahi duen haur bakoitzak astelehenetik ostiralera egingo den txanda bat aukeratu ahal izango du, horietako bakoitzean eskaintzen diren 30 plazak bete arte.

Ekintza honen prezioa 25,90 eurokoa da.

Eskaintza hezitzaile honek duen azken programa 2005etik 2007ra bitartean jaiotakoei zuzentzen da. Gazte hauek astebete igaro ahal izango dute Beireko aterpetxean (Nafarroa) uztailaren 5etik 9ra edo 12tik 16ra.

Proposamen honen prezioa 103,60 eurokoa da eta txanda bakoitzean 18 gaztek parte hartu ahal izango dute.

Bi programa horietan, parte-hartzaileen zerrenda maiatzaren 10ean, 10:00etan, egingo den zozketa baten bidez osatuko da, eta ondoren Gazteriaren webgunean ikusi ahal izango da.

Bestetik, Udalak gogorarazi nahi du hobariak izango dituztela familia ugariek eta seme-alaba bat baino gehiago izena ematen duten familiek. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen duten familientzat ere hobariak egongo dira.

Aurten ere, behar bereziak dituzten haurrei arreta emateko hezitzaileak kontratatuko dira.

Ekaintza honi buruzko informazio guztia eta parte hartzeko irizpideak gazteria.errenteria.eus webgunean ikus daitezke.

Nahi izanez gero, gazteria@errenteria.eus helbidera idatzi edo 943 449 606 telefonora deitu daiteke.

No comments yet.

Utzi erantzuna