“Gure bakarlariak” zikloaren bigarren atalak “Sugaar-Kissar Ensemble” Ganbera taldeak aurkeztuko ditu larunbatean

Kultura 2021-04-08 | 0

  • Kontzertura joan ahal izateko ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea. Dagoeneko eskura daitezke Niessen Kulturguneko leihatilan

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak antolatuta, denboraldiko hirugarren kontzertuak “Gure Bakarlariak” zikloaren bigarren emanaldia eskainiko du, “Sugaar – Kissar Ensemble” ganbera-talde gazteekin, Gustav Mahlerren 1. sinforniaren interpretazioan.

Kontzertua larunbatean, apirilaren 10ean, izango da, 18:30etan, Niessen Kulturgunean. Bertaratzeko gonbidapena beharrezkoa izango da, eta doan eskura daiteke Niessen Kulturgunean.

Agertokian, Alain Ayerdi Gurpegi musikariak zuzendutako “Sugaar – Kissar Ensemble” ganbera taldeek errepertorio posterromantikoaren oinarrizko pieza eskainiko dute: Gustav Mahlerren 1. sinfonia. “Re Maiorreko 1. sinfonia” (Titan) 1884an hasi zuen Mahlerrek (gure musika banda sortu eta 20 urtera) eta 1888an amaitu. Budapesten estreinatu zen 1889ko azaroaren 20an, egilearen beraren zuzendaritzapean, nolabaiteko arrakastarekin, kritika nahiko negatiboa izan baitzen obrarekin, bereziki azken zatiarekin. Lan zorrotza da, “Sugaar – Kissar Ensemble” taldeek kontzertu honetarako prestatzen ari direna, Alain Ayerdiren gidaritzapean.

Sugaar – Kissar Ensemble inguruko musikarien arteko adiskidetasunetik sortu ziren, musikarekiko eta, bereziki, ganberako musikarekiko maitasuna komunean izanik. Nahiz eta musika-arloan hainbat zeregin izan, beren denboraren zati bat talde gisa lan egiten ematen dute. Elkarrekin musika egiteko ilusioaren ondorioz, Sugar – Kissar Ensemble errepertorioa (boskotekoa zein mota askotako konposizioak) modu atsegin eta ludikoan ezagutarazteko gogo handiko taldeak dira. Gainera, taldeen faktore eragilea giro desberdinetan jardun ahal izatea da, moldakortasuna erakutsiz, betiere dedikazio eta energiaz betetako lan on bat egin ondoren.

No comments yet.

Utzi erantzuna