Orereta Ikastolako Haur Eskolako matrikulazio-epea astelehenean zabalduko dute

• Datorren astean ate irekien saioak egongo dira

• Oiartzo batxilergo-ikastolak ere ate irekien saioak izango ditu datorren astean

Orereta Ikastolako Haur Eskolako matrikulazio-epea irekita egongo da datorren apirilaren 12tik 30era, 2021-22 ikasturterako. COVID-19ak eragindako aparteko egoeragatik, ate irekien saioak talde txikitan egingo dira eta horietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea www.oreretaikastola.eus webgunean. Norberak proposa ditzake ongien datozkion eguna eta ordua.

Zalantzak edota galderak argitzeko edo informazio xeheagoa jasotzeko, matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbide elektronikora mezua idatz daiteke, 943 52 03 97 telefono-zenbakira deitu edo Esmalteria Berriko bulegora jo (astelehenetik ostiralera, 15:30etik 17:30era).

0-18 urte arteko hezkuntza-proiektu eraldatzailea, etxeko otorduak, eta egutegi zein ordutegi aukera zabala

0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu propio eta eraldatzailea eskaintzen dutela adierazi du Ikastolak, Euskal Herrian, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia. Haur Eskola ere badu, beraz, proiektu zabalago eta osoago baten parte.

Hezkuntza-beharretara egokitutako Esmalteria Berria eraikin eraberrituaz gain, Ikastolak sukalde propioa du eta bertan prestatzen dira ikasle guztientzako otorduak. Horrez gain, Ikastolako Haur Eskolak ordutegi eta egutegi zabala eta malgua eskaintzen ditu, familia zein haurren beharretara egokitzeko eta familiarekin harreman zuzena nahiz gertua izateko.

Ate irekiak eta aurrematrikula Oiartzo batxilergo-ikastolan

Oiartzo batxilergo-ikastolak familientzako ate irekien saioak antolatu ditu apirilaren 12tik 16ra -batxilergo-ikasketak egiteko aurrematrikula-epea apirilaren 12tik 23ra izango da-. Ikastola ezagutu eta zalantzak argitzeko saioak izango dira, zuzendaritza-taldeko kide batek lagunduta.

COVID-19agatik, talde txikitan egingo dira saio horiek eta ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea www.oiartzoikastola.eus webgunean. Bide batez esan, Oiartzoko hezkuntza-proiektuaren xehetasun gehiago ere topa daitezkeela webgune horretan.

Oiartzon batxilergoko hiru modalitate nagusiak eskaintzen dira: giza zientzietakoa, gizarte zientzietakoa eta zientzietakoa.