Basoen Astea ospatu dute Eskolako Agenda 2030eko ikasleek

Aurtengo ikasturteko Eskolako Agenda 2030 programan ekimen berri bat burutu dute Errenteriako ikasleek: “Basoak ernatzen” proiektua martxan jartzea. Ekimen honen baitan, ezkurrekin lanketa sakona burutu dute. Udazkenean ezkurrak bildu eta, metodo zientifikoaren bidez, ernetzeko bidean jarri dituzte: ezkur batzuk, hotzean gordeta izan dituzte; beste batzuk paper hezean bilduta; eta hirugarren multzoa, zuzenean lurrean sartuta. Honela, naturan eman ohi diren egoera aldakorrak aztertzeko aukera izan dute.

Emaitzak ere aldakorrak izan dira, naturan gertatzen den bezala. Ondorioz, ezkur batzuetatik baino ez dituzte haritz landareak lortu. Hauekin, Bizarain, Cristobal Gamon, Egiluze, Orereta eta Don Boscoko ikasleek beraien eskola inguruan burutu dute haritzen landaketa. Koldo Mitxelena eta Telleri-Aldekoek berriz, lau pago landatu dituzte Alabergako basoan.

Errenteriako Eskolako Agenda 2030 burutzen duten ikastetxeek, martxoaren 15 – 18 bitartean Basoaren Astea ospatu dute landaketa hauekin. Baina ez dira bakarrik aritu. Izan ere, Gipuzkoako 50 ikastetxe izan dira espezie ezberdinen zuhaitz aleak landatuz ekimen honetan parte hartu dutenak. Basoen garrantziaz oharturik, ikasleek landatutako zuhaitzak eta gainerakoak zaintzeko konpromisoa hartu dute.