Errenteriaren etorkizuna definituko duen HAPOaren berrikuspenerako ekarpenak jasotzeko parte-hartze prozesua hasi da

• Plan orokorrak datozen15 urtetarako Errenteriaren hiri antolamendua definituko du.
• Fase honetan diagnostikoa osatu du udalak eta herritarren eskura jarriko du web orrian.
• Herritarrek euren ekarpena egin dezakete modu telematikoan https://errenteria.eus/hapo-diagnostikoa helbidean. Jasotakoak baliagarri izango dira aurrerakin dokumentua osatzeko.
Azken hilabeteotan Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren –HAPO– berrikuspenaren abiapuntu izango den diagnostikoa landu du eta herritarren eskura jarri du hemendik aurrera euren ekarpenak jasotzeko.
Diagnostikoak Errenteriaren ezaugarri nagusiak aztertu eta jaso ditu: udalerriaren kokapena eta horrek dituen ondorioak, horrelako prozesu batean eragina duten ezaugarri sozioekonomikoak, udalaz gaindiko araudia, demografia…
Dokumentu estrategiko honen berrikuspenak aukera emango du etorkizuneko erronka garrantzitsuei aurre egiteko behar dugun lurralde- eta hiri-eredua pentsatzeko, hala nola mugikortasun, irisgarritasun, gizarte-kohesio, zainketa, etxebizitza, klima-aldaketa, osasuna, kultura zein ekonomiaren erronkei.

Araudia, estrategia eta malgutasuna
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, Plan Orokorra edo HAPO udal baten hirigintza-araudi nagusia da, eta, aldi berean, tresna estrategikoa ere bada. Hau da, dokumentu arauemaile bat da, udalerriko zein tokitan zer egin daitekeen zehazten duena, eta, beraz, arau horiek Errenteriako etorkizuneko forma zehaztea ahalbidetzen dute.
Berrikuspenaren lehen faseetan zehazten dira HAPOaren etorkizuneko estrategiak eta norabidea, eta Udalak partaidetza-prozesu bat planteatzen du proiektatu nahi den etorkizuneko udalerria elkarrekin definitzeko.
Nolanahi ere, COVID-19ak sortutako osasun-egoera dela-eta, batetik, beharrezkoa da parte hartzeko espazioak seguruak izatea pertsonentzat, eta, bestetik, nolabaiteko malgutasuna behar da, pandemiaren aurrerabide aurreikusezinaren arabera jokatu ahal izateko. Beraz, pandemiaren testuinguruaren mende egongo diren metodologia telematikoak eta presentzialak uztartuko dira.

Eraginkortasunerako eta ahalduntzerako metodologiak eta tresna telematikoak
Ildo horretan, esan behar da enpresa bat kontratatuta dagoela, eta enpresa hori arduratuko da, oro har, prozesu hori dinamizatzeaz, Udaleko teknikariekin batera. Elkarlan horren helburua da HAPOren eraginkortasuna handitzea, herritarrak ahalduntzea eremu publikoaren kudeaketan eta komunitate sena indartzea.

Prozesu honi hasiera emateko ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
• Modu telematikoan hasten da, eta egoerak ahalbidetzen badu, aurrerago aurrez aurreko kanalak erabiliko dira.
• Lau talde daude deituak: ordezkari politikoak, aholku-batzordeetako kideak (70 pertsona inguru), herritarren artean ausaz hautatutako pertsonak, prozesura gonbidatuz gutun bat bidali zaienak eta parte hartu nahi duen herritar oro.
• Lehen fase honetan online egongo dira bideoak eta herritar guztiek ikusi eta erantzun ahal izango duten galdetegi bat: https://errenteria.eus/hapo-diagnostikoa
• Udalak egin duen diagnostikoa ere online egongo da eskuragarri. Udalak egin duen diagnostikoa ere online egongo da eskuragarri https://errenteria.eus/hapo-berritze/ atalean.