Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2020ko delituen memoria argitaratu du

• Memoria horretan Ertzaintzaren eta udaltzaingoen delinkuentzia-datuak gehitzen dira
• 2019tik 2020ra bitartean, Errenteriako udaltzaingoak 56 kasu gutxiago izan zituen
• Bi polizien datuak batuta, guztira, 58 kasu gehiago izan dira (% 3,53), 2019an 1.640 izatetik 2020an 1.698 izatera igaro baitira

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak urtero argitaratzen du memoria bat, udalerri bakoitzeko Ertzaintzak eta Udaltzaingoak erregistratutako delinkuentzia-datuak biltzen dituena.

Txosten horren argitalpenarekin batera, Errenteriako Udalak eta Ertzaintzak bilera bat egin ohi dute. Bilera horretan alkateak eta udaltzainburuak parte hartzen dute. Bilera horretan, datuak lehen eskutik jasotzeaz gain, datuen eta ikusten diren joeren irakurketa eta balorazio bateratua egiten da.

Bilera horren ondoren, Errenteriako Udalak herritarrekin partekatu ohi ditu datuak, eta datu aipagarrienak ezagutzera ematen ditu.

Aurten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ardurapeko datu bateratuen lanketa eta argitalpena beste urte batzuetan baino gehiago atzeratu da. Hori dela eta, Udalak, datuak oposizioko alderdiekin partekatu ondoren, Udaltzaingoaren buruzagitzak zituen datu partzialak aurkeztu zituen jendaurrean otsailaren 26an, eta argi adierazi zuen Ertzaintzaren datuen zain zegoela, azken balorazio orokorra egiteko.

Aurreratu bezala, 2019tik 2020ra bitartean Errenteriako Udaltzaingoak 56 kasu gutxiago izan zituen.

Orain daukagun memoriaren arabera, bi polizien datuak batuta, 58 kasu gehiago izan dira (% 3,53), 2019an 1.640 izatetik 2020an 1.698 izatera igaro baitira.

Datu horiek datorren asteko apirilaren 21ean egingo den bileran aztertuko dituzte. Jarraian, irakurketa partekatu bat argitaratuko da, azken urteetan egin den bezala.

Memoria hemen deskargatu daiteke.