Orereta Ikastolak antolatutako udalekuetan izena emateko epea, zabalik

• Hala nahi duten familia guztiek eman dezakete izena, datorren maiatzaren 17ra bitartean

2 urtetik hasi eta 12 urte arteko gaztetxoei zuzendutako udalekuak eskainiko ditu aurten ere Orereta Ikastolak, COVID-19aren zabaltzea eta kutsatzea ekiditeko segurtasun eta osasun neurri guztiak betez.

Ekainaren 28tik uztailaren 16ra arteko iraupena izango dute udalekuek; goizez, 08:00etatik 13:00etara. Bi urteko haurrak Orereta Ikastolak Esmalterian duen egoitzan egongo dira eta gainontzekoak, berriz, Añabitarten.

Hala nahi duten familia guztiei (ez Orereta Ikastolakoei bakarrik) zuzendutako eskaintza da eta izena emateko epea irekita dago datorren maiatzaren 17ra arte.

Hezkuntza formalaren osagarri, euskaraz eta mendialdean

Udako oporraldian ere aisialdirako aukera euskalduna eskaintzea eta hori hezkuntza formalaren osagarri izatea dira Orereta Ikastolako udalekuen helburuak. Horrez gain, 2 urtekoak ez beste haur guztiak Añabitarten egongo dira, espazio berdez inguratutako eta azpiegitura onez hornitutako gunean.

Informazio gehiago eta izen-ematea: www.oreretaikastola.eus/udalekuak-2021