Antzerkiak hartuko du Niessen Kulturguneko oholtza apirilean eta maiatzean

Kultura 2021-04-21 | 0

5 antzezlan eskainiko ditu Niessen Kulturguneak datozen apirila eta maiatzean. Publiko guztiei zuzendutako programazioa izango da, ikusleen segurtasuna lehenetsita sortutako protokoloari jarraituz sortutakoa. Gaur, hilak 21, agenda horren xehetasun guztiak eman dituzte Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak.

Lehendabiziko hitzordua igandean izango da, hilak 25: Teatro en Vilo konpainiak ‘Hoy puede ser mi gran noche’ antzezlana eskainiko du 19:00etan. Bakarrizketa komiko eta musikal honek 90eko hamarkadako Galiziako orkestra-abeslari baten eta bere alaben istorio liluragarria kontatuko du oholtza gainean.

Hilaren 30ean, Teatro Paraíso konpainiak ‘Uniko’ ikuskizuna eskainiko dio publiko familiarrari: bere arrebaren jaiatzaren ondorioz, maitatua izateari uztearen beldur izango den Paul mutikoa izango da istorio honen protagonista.

Maiatza Proyecto 43-2 taldearen izen bereko antzerki obrarekin hasiko da. Ikuskizunak 2011ko Euskal Herrira eramango ditu ikusleak eta gatazkak sortutako errealitatearen bost pertzepzio dituzten bost pertsonen bizipenak taularatuko dituzte aktoreek. Hilaren 2an izango da hori, 19:00etan.

LGTBI+ Mahaiak antolatuta, maiatzaren 7an, 18:00etan, ‘Mari, Meri eta Lari’ ikuskizuna iritsiko da Niessenera. Eidabek sexuen eta generoen aniztasunari, familia-eredu desberdinei, beldurrei eta, batez ere, askatasunari buruzko hausnarketa sustatu nahi du antzezlan honekin.

Amaitzeko, maiatzaren 9an, Axut! konpainia lapurtarrak ‘Amua’ bere azken lana eskainiko du 19:00etan. Komedia sentimental politikoa honetan Anak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera; azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean.

Gainera, eta ohikoa denez, Atarian ekimenari esker, ‘Hoy puede ser mi gran noche’ eta ‘Amua’ antzezlanen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Sarrerak salgai jada

Aipatu ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daudela jakinarazi dute: Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; bibe.me webgunean; eta ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago.

Honekin batera, ikuskizunen prezioak ere aipatu dituzte: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako ikuskizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute. ‘Mari, Meri eta Lari’ ikuskizuneko sarrerak, baina, doakoak izango dira nahiz eta gonbidapenak eskuratzeko aukerak sarreren salmentarako erabiltzen direnak izango diren.

No comments yet.

Utzi erantzuna