Errenteriako Udalak Talka Bulegoa jarri du abian

• Ekimen berri honen bidez, Udalak Errenteriako enpresa-ehuna mantendu nahi du, pandemiak eragindako talka ekonomikoari aurre eginez

• Udal bulego honen bidez laguntza eman nahi zaie egoera zailean dauden negozioei edo haien etorkizunaren bideragarritasuna bermatzeko laguntza behar dutenei

Bizi dugun testuinguru berri honetan, funtsezkoa da udalerriko enpresa, negozio eta pertsona autonomoei laguntzeko ekintzak bultzatzea, enpresek aurrera egin dezaten. Talka Bulegoa izenpean, Errenteriako Udalak bulego berri bat jarri du abian Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailaren laguntzarekin.

Iaz Talka Planaren bidez hainbat sektore eta kolektibori laguntzeko neurriak jarri ziren eta Udalak uste du orain momentua dela neurri kirurgikoagoak jartzeko, askotariko zailtasunak dituzten negozio ezberdinei erantzuteko.
Bulegoa pertsona autonomoei, negozio eta enpresei hurbileko orientazio- eta aholkularitza-zerbitzua eskaintzeko jarri da martxan, bereziki merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak, kultura eta abarri begira. Zerbitzura jotzen duten negozioe diagnostiko bat egiten lagunduko zaie, haien ahuleziak eta aukerak zeintzuk diren identifikatuz eta diagnostiko horren arabera zer aldatu daitekeen antzeman eta aldaketa horiek egiteko laguntza emango zaie. Horrez gain, testuinguru konplexu eta zalantzazko horretara egokitutako ekintza ildo berriak proposatzen ere lagunduko zaie.

Halaber, Talka Bulegoaz gain, Talka sarea garatuko da, ehun ekonomikoa osatzen duten eragileek osatutako sarea. Oraindik eratzen ari den sare horren lagin bat (Don Bosco, Ostari, Errenkoalde eta Eskura) egon da gaurko aurkezpenean. Helburua da “antena” lana egitea, beharrak zein zailtasunak antzemanez eta zerbitzuari aholkularitza emanez. Horrela, Talka Bulegoaren zerbitzuen eskaintza aldatuz edo zabalduz joan daiteke.

Datozen egunetan informazio-saio bat egingo da eragile horiekin.

Talka Bulegoa Suspertuz bulego-sarean barneratuta dago, helburu bera dute eta Oarsoaldeko gainerako udalerrietan martxan jartzen hasiak dira.

Eskualde mailan dagoeneko 120 enpresek eta autonomoek zerbitzu eskaera egin dute eta Errenteriakoak %32,5a dira (39 enpresa). Errenteriako Udalak gainontzeko enpresak eta autonomoak animatu nahi ditu zerbitzu eskaera egin eta aldaketa prozesua abian jartzera.

Talka Bulegoa Errenteriako Turismo Bulegoaren espazio berean dago kokatuta, Madalen kalea, 3, eta irekita egongo da asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00ak arte.

Zerbitzuaren eskaera bide hauen bidez egin daiteke:

www.covid19oarsoaldea.com

• 943 494 129 telefonora deituz

• Talka Bulegoan, lehen adierazitako ordutegian.

Informazio gehiago hemen:

https://www.covid19oarsoaldea.com/menua/zure-enpresarentzako-berraktibazio-diagnostikoa/