LGTBIfobiaren kontrako jardunaldiak antolatu dira maiatzan zehar

Berdintasuna | Kultura 2021-04-29 | 0

Errenteriako Udalak, LGTBI+ Mahaiarekin elkarlanean, LGTBIfobiaren kontrako jardunaldiak antolatu ditu maiatzean zehar. LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna maiatzaren 17an aldarrikatzen da. Aniztasun afektibo-sexuala eta sexu zein genero aniztasuna ikustarazteko eta askatasunez bizitzeko eskubideen defentsarako osatu da aurkezten den programazioa.

Zentzu horretan hainbat ekitaldi antolatu dira, guztiak doakoak izango dira eta gonbidapenak beharko dira aforoa kontrolatu ahal izateko. Gonbidapenak Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; edo bibe.me webgunean eskuratu ahal izango dira.

Programazioa

Alde batetik, maiatzaren 6an eta 8an, 19:00etan, Niessen Kulturgunean Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian ikusi ahal izan ziren hainbat film ikusi ahalko dira.

Maiatzaren 6an Valentina (Brasil, 95’) luzemetraia emango da, kasu honetan jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin. Maiatzaren 8an, aldiz, honako film hauek emango dira: Leo y Alex en pleno siglo XXI (Espainia, 7’), All I need is ball (Espainia 17’), Panteres (Espainia, 22’), Mall (Alemania, 7’), 손과 날개 (Eskuak eta hegoak) (Hego Korea 18’) eta Karaoke (Argentina, 17’). Filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatu dira, euskarazko azpitituluekin.

Bestetik, maiatzaren 7an Meri, Mari eta Lari haurrentzako antzerki ikuskizuna egongo da, 18:00etan Niessen Kulturgunean. Eidabek sexuen eta generoen aniztasunari, familia-eredu desberdinei, beldurrei eta, batez ere, askatasunari buruzko hausnarketa sustatu nahi du ipuinez eta kantuz osatutako antzezlan honekin.

Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Egunean, LGTBI Mahaiak balkoietan banderak jartzeko deia luzatzen du eta herritarrak animatu nahi ditu deialdiarekin bat egitera.

Azkenik, maiatzaren 22an, Valeria Vegasek Libérate bere azken liburua aurkeztuko du, Estatu espainiarrean bidea ireki zuen LGTBQ kulturaren historia jasotzen duena. Madrilen bizi den kazetari, idazle, gidoilari eta dokumentalista valentziarrak lau liburu idatzi ditu: Grandes actores del cine Español, Veneno, ni puta ni santa (biografia), Vestidas de Azul eta Libérate. Gaur egun, Telebista eta Irratiko hainbat hedabiderekin kolaboratzen du. La Veneno telesailak 2020an izan zuen arrakastak publikoki sendotu du Valeria; izan ere, kapituluz kapitulu, biografo eta protagonistaren bizitza elkarlotzen doa etengabe, sentsazionalismo mediatikoa eta bere gutizia gupidagabea zalantzan jartzen diren lekuan eta gizatasunaren kolpez aurreiritziak apurtzen diren lekuan. Trans pertsonen eskubideen aldeko borrokan erreferente aktiboa da. Irantzu Varela kazetari eta euskal feminismoaren aktibista ezagunak gidatuko du ekitaldia. Aurkezpena 12:00etan izango da Jose Luis Caso Aretoan (Merkatuzar).

No comments yet.

Utzi erantzuna