Udalak Iratxe Ansa dantzaria omenduko du

Kultura 2021-05-03 | 0

Ibilbide oparoa du Iratxe Ansa dantzari errenteriarrak. Bere lehen dantza eskolak Ereintza Dantza Taldean jaso zituen eta gaztetxoa zelarik Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora egin zuen jauzi; bertan graduatu zen. Ordutik aurrerako urteak dantzari lotuta eman ditu. Errenteriako Udalak Ansaren ibilbide profesionalari aitortza egin nahi dio orain.

Maiatzaren 29an, 13:00etan, Iratxe Ansak omenaldia jasoko du udaletxeko Pleno Aretoan. Udal ordezkariez gain, familiako kideak eta herriko dantza eragileak izango ditu aldamenean dantzariak, izan ere, Covid19-ak sortutako pandemiaren ondorioz, ekitaldiaren aforoa mugatua izan beharko baita.

Herritarren babesa, baina, Lekuona Fabrika ireki berrian jaso ahal izango du Ansak. Berak Igor Bacovichekin batera gidatzen duen Metamorphosis Dance konpainiaren ‘Al desnudo’ ikuskizuna izango da Lekuonako Sorlekua auditorioak hartuko duen lehendabiziko ikuskizuna, hain zuzen.

Bi emanaldi eskainiko dituzte, hilaren 29an lehendabizikoa eta 30ean bigarrena. Biak ala biak 19:00etan. Ikuskizunetarako sarrerak doakoak izango dira eta interesdunek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte Udalaren ohiko bideak erabiliz. Horren gaineko informazio zehatzagoa data gerturatu ahala emango dutela jakinarazi dute.

‘Al desnudo’ dantza garaikideko ikuskizuna da. Ansak eta Bacovichek biluzte artistikoa egiten dute bertan. Horretarako, mugimendu intentsitate ezberdinekin jolasten dute eta intentsitate desberdinok agertuz doaz pixkanaka interpreteen gorputzean. Danilo Moroni artista bisualaren lankidetzarekin sortutako pieza da.

Goi mailako dantzaria

Iratxe Ansa Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan graduatu zen, ikasketak eta graduazioa Stuttgarteko John Cranko Schulen eginez.

1993tik Basilea Ballet, Ballet Gulbelkian, Espainiako Compañía Nacional de Danza, Lyon Opera Ballet eta Nederlands Danse Theater taldeetan egin du dantza. Bere ibilbidean zehar Nacho Duato, William Forsythe, Jiri Kylian, Crystal Pite, Medhi Walerski, Johan Inger, Ohad Naharin, Mats Ek, Nils Christe, Patrick de Bana, Wayne McGregor, Maurice Causey, Alexander Ekman, Rui Horta, Jacopo Godani eta Mathilde Monnier bezalako koreografoekin lan egin du.

2009an, ordea, bide berri bat hasi zuen freelance bezala, tailer koreografikoak emanez, proiektu espezifikoetan dantzatuz eta koreografiak sortuz.

2014tik Igor Bacovichekin batera Metamorphosis International Residency proiektuan lan egiten du.

Hainbat sari jaso du errenteriarrak; guztien artean azkena 2020ko Espainiako Dantza Sari Nazionala, interpretazio modalitatean.

Aipagarri da, halaber, 2021eko Veneziako XV. Dantza Bienalerako hautatu dutela berriki. Izan ere, Errenteria ondoren Venezia izango da ‘Al desnudo’ ikuskizunaren hurrengo agertokia.

No comments yet.

Utzi erantzuna