Astelehenean bilera bat egin zuten Papresak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak, eta, besteak beste, enpresak udalerrian dituen eraginak arintzeko Neurrien Plana jorratu zuten

Joan den astelehenean bilera egin zuten Papresak, Eusko Jaurlaritzak eta Errenteriako Udalak.

Udalaren aldetik, Aizpea Otaegi alkatea, Hirigintzako zinegotzi Eneko del Amo eta Ingurumeneko zinegotzi José Manuel Ferradás izan ziren, baita Trafiko eta Garraioetako zinegotzi Bernar Lemos ere, aholkulari teknikoekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Javier Agirre Orcajo Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak eta Hipolito Bilbao Intxaurraga Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren arduradunak hartu zuten parte.

Papresaren ordezkaritzan, lau kidek osatua, Miguel Angel Sánchez García izan zen buru, CEO berria eta enpresaren presidentea. Papresa Quantum industria-funtsak erosi berri du, Alemanian oinarrituta.

Bileran hiru gai jorratu ziren:

– Produkzioan aldaketak eta zuzendaritza berriak planteatzen dituen hobekuntzak.

– Ingurumenaren kalitate akustikoaren helburuen betetze-maila.

– Papresak udalerrian dituen eraginak arintzeko Neurrien Plana egitea.

Hain zuzen ere, bilera horren emaitza den Neurrien Plana izango da mahai partekatu honen lan-tresna. Mahai hori aldian-aldian biltzeko sortu da, Papresaren jarduerak udalerrian (usainak, zaratak eta trafikoa) sortzen dituen inpaktuei modu integralean eta elkarrekin aurre egiteko.

Udalaren eta Papresaren arteko harremanak eta bilerak ohikoak diren arren, hiru alderdiek positiboki baloratzen dute lan-esparru hori sortzea, afekzioei modu integralean heltzeko aukera emango baitu, konpromisoak hartzen eta hobekuntzak ezartzen joateko borondate argia du, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea du, hari baitagokio Ingurumen Baimen Integratuan (IBB) jasotako neurrien jarraipena egitea eta bertan gertatzen den edozein aldaketa baimentzea.

Papresaren proiektu industriala

Papresak jabez aldatu zuen iaz, Quantum industria funtsak enpresa erosi zuenean, eta proiektu industrial bat du. Horren erakusgarri dira 50 milioi euroko inbertsioak planteatzen dituela eta uztailetik egin dituen 20 kontratazioak.