Asteazkenean hasiko da ikasle berrientzako matrikulazioa Herri Arte Eskolan

Garazi Lopez de Etxezarreta, Herri Arte Eskolako Lehendakaria

2021-2022 ikasturtean Herri Arte Eskola jarriko da abian. Matrikulazioa maiatzean hasiko da eta epeak bi bloketan banatuko dira: alde batetik, egun ikasle direnentzako epeak eta, bestetik, ikaslego berriarentzako epeak.

Egun ikasle direnek epe hauek izango dituzte: maiatzaren 6an datorren ikasturterako aurrematrikula proposamena jaso zuten orain arteko ibilbidearekin jarraituz, eta ordutegiarekin arazoa izanez gero hilak 11 arte edukiko dute aldaketa eskatzeko aukera.

Ikasle berriei dagokienez, plaza eskaerak maiatzaren 12tik 23ra egin behar dituzte eta, ordutegi ezberdinak izango dituztenez, behin egokiena aukeratuta maiatzaren 27tik 31ra behin betikoa aukeratu beharko dute. Plaza eskaera hau arteskola.eus helbide elektronikotik egin beharko dute. Bertan matrikulazio prozedura, epeak, tasak, hobariak eta beste hainbat dokumentu dituzte.

Berritasunak

Datorren ikasturterako berritasunen artean, musika diziplinan dultzaina eta alboka daude, eta dantzan, dantza urbanoak eta dantza garaikidea.

Diziplina berria Hitzaren ingurukoa izango da eta honen barruan hainbat ikasgai egongo dira: Hitza jolas, Hitza Tolestu, Hitza leundu eta Hitza digitalizatu, irakurketa, idazketa, eremu-digitala, olerkigintza eta gidoigintza, esaterako.

Eskaintza adinen araberakoa izango da.

4 eta 7 urte arteko umeentzako eskaintza

4 eta 7 urte bitarteko haurren kasuan, hasierako ikasturteak erabat ezberdinak izango dira:

– 4 eta 5 urteko haurrak (2017 eta 2016 urteetan jaiotakoak): Musika eta Gorputz adierazpena. Astean 90 minutu, hau da, 45 minutuko bi saio.

– 6 eta 7 urteko haurrak (2015 eta 2014 urteetan jaiotakoak): Musika eta Gorputz adierazpena eta Arte plastikoak (ikusikoak) eta Ahotsa. Astean 180 minutu, hau da, ordu eta erdiko bi saio.

Estatutu berriak

Gaur egindako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, bihar aurkeztuko dute Errenteria Musikal Patronatuko Gida Batzordean estatu berrietarako lehen proposamena. Laster onartzea espero dute, eta gobernantza-eredu berri bat ahalbidetuko dute, herritarrekin harremana izateko modu berri bat ekarriko duena. Horrez gain, alboka eta dultzaina, hiri-dantza eta dantza garaikidea eta ahotsa espezialitateetako irakasleen hiru kontratazio berri egiteko proposamena ere aurkeztuko da.