Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Planaren Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatza osatzeko prozesua eta garatuko diren proiektuak nabarmendu ditu Berdintasunerako Kontseiluak

2020ko uztailean Errenteriako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Planaren Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatzaren lanketa abiatu zen eta aste honetan Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du. Berdintasunerako Kontseilua eragile nagusia izan da ardatza osatzeko prozesuan eta prozesuaren eta emaitzaren balorazio positiboa egiten du.
Aradatza hiru fase nagusitan egikaritu da: uztaila-iraila bitarte elkarrizketen eta dokumentazioaren azterketaren bidez diagnostikoa osatu zen; urria-abendua bitarte praktika onak ezagutzeko hiru mahai-inguru antolatu ziren; eta, azkenik, ekintzak eta proposamenak definitu ziren norbanako, eragile eta alderdi politikoekin.
Guztira 44 pertsona hartu du parte ebaluazio fasean eta bizi dugun egoera pandemikoa kontuan izanda, partaidetzari dagozkion helburuak bete bituela azpimarratu nahi izan du Kontseiluak.
Zentzu horretan, antolatu diren mahai-inguru telematikoen partaidetza nabarmendu nahi du: indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen akonpainamendua hobetzeko esperientziak ezagutzeko, 22 emakumek hartu zuten parte; memorian eta erreparazioan martxan dauden esperientziak ezagutzeko, 31 emakumek hartu zuten parte; eta, arreta hobetzeko beste udalen koordinaziorako esperientziak ezagutzeko, 13 emakumek hartu zuten parte.
Ardatzak jasotzen dituen 4 lan-ildoak nagusiak ondorengoak dira:

1. Prebentzioa, sentsibilizazioa eta kontzientzia hartzea.
Ildo honetan, indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde lan egiteko funtsezko ekintzak jasotzen dira, eta arreta jartzen da indarkeria horren erroen ulermenaren eta genero-harremanetako portaeren artean lotura zuzena dagoela. Azken helburua aurreiritzi, ohitura eta tradizioekin amaitzea litzateke, emakumeak gutxietsi eta emakumeen eta gizonen funtzioak eta botere-harremanak estereotipatzen baitituzte.

2. Artapen integrala, berraktibazioa eta ahalduntzea.
Ildo honek arreta nolakoa izan behar duen ezartzen du, zerbitzu guztietatik eta indarkeria matxista mota desberdinen aurrean. Indarkeria-egoerei aurre egiten ari diren emakumeekiko esku-hartzearen helburua indarkeria hori gabe bizitzea da, hau da, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak eraikitzen lagunduko dieten erakundeen babesa izatea.

3. Erreparazioa, memoria eta erantzun instituzionala.
Ildo honetan, indarkeria matxista publikoki salatzeko eta emakumeen memoria biltzeko ekintzak jasotzen dira, funtsezkoak baitira giza eskubideak errespetatu eta betetzen direla ziurtatzeko.

4. Koordinazio interinstituzionala:
Ildo honetan, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzen dituzten zerbitzuen arteko koordinaziorako ekintzak jasotzen dira. Ekintza horiek garrantzi espezifikoa dute arreta integrala bermatzeari eta emakumeen bigarren mailako biktimizazioa saihesteari dagokienez.
Prozesuaren fase ezberdinetan egon den parte hartzearekin oso pozik agertu da Berdintasun Kontseiluan. Prozesua oso emankorra izan da eta , zentzu horretan, mahai-inguruetatik jaso diren ikaspenetatik Errenterian martxan jarriko diren bi proiektu pilotu nabarmendu nahi dituzte.
Lehena, artapen integrala, berraktibazioa eta ahalduntzea lan-ildoan kokatzen den proiektua da. Proiektuak indarkeria matxista jasaten duten emakumeei akonpainamendu integrala bermatzea du helburu, horretarako herriko emakumez osatutako bidelaguntza-sarea baliatuz, praktika publiko-komunitarioa oinarri. Kasu honetan Emakumeen Etxeko kideekin batera definituko da eta datozen asteetan proiektuaren diseinuari ekingo zaio.

Bigarrena, erreparazioa, memoria eta erantzun instituzionala lan-ildoan kokatzen den proiektua da. Proeiktuak memoria historikoaren jasoketarekin eta errekonozimenduarekin du lotura. Hain juxtu, herrian indarkeria matxista jasan duten emakumeak aitortzearekin, aurrez haien errelatoak jasoz. Kasu honetan Berdintasun Kontseiluko kideekin batera definituko da eta 2022an ekingo zaio proiektuaren diseinuari.
Emakumeenganako indarkeriak adierazpen ugari ditu, eta esparru publiko zein pribatuan ematen da. Gainera, testuinguru pandemiko berezi honetan ere oso nabarmen geratu da eremu pribatua, norberaren etxea, guztiontzat babes-eremu beharko lukeena, nola den emakume askorentzako indarkeria-eremu, horrek emakumeen bizimoduetan duen inpaktu larriarekin.
Era berean, testuinguru pandemikoak ere agerian utzi du zaintza lanek duten garrantzia eta horregatik, III Berdintasun Planaren Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea, eskubideak bermatzeko ardatzaren lanketari ekitea lehenetsi da. Momentu honetan diagnostikoa osatzeko fasea abiatu da eta udara ondoren zaintzen esparruan ematen diren praktika onak ezagutzeko aukera izango da. Horregatik guztiagatik, Berdintasun Kontseiluak Errenteriako emakumeei, emakume elkarteei eta mugimendu feministari III Berdintasun Planaren diseinuan antolatuko diren foroetan parte hartzeko deia egiten die.