Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira ‘Errenterian 11 kolore’ ekimenaren VI. edizioa ospatuko da datorren astean

Aurten ‘Errenterian 11 Kolore’ Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko jaiaren 6. edizioa ospatuko da. Egungo egoera dela eta, online zein aurrez aurreko zazpi jarduera egingo dira, betiere Covid-19aren aurkako segurtasun-neurriak errespetatuz. Eskaintza hori herri osoan zabaldutako karteletan egongo da eskuragarri, ekimenaren webgunean ere: https://errenteria.eus/aniztasuna/. Hala, webgune horretan 6 ate egongo dira edukiak antolatzeko.

Udalak jardueretan parte hartzera gobidatu ditu herritarrak.

Ekintzak:

Aurten, maiatzaren 15etik aurrera, erakusketa berri batekin hasiko da ospakizuna: ‘11 Ibilbide’, HHIko 38 bat ikasleren eskutik sortua eta herriko erdiguneko hainbat dendatan ikusgai egongo dena, Errenkoalde elkarteko kide diren dendetan, zehazki.

Aurreko urteetan ohikoa izan den ekitaldi batez ere gozatzeko aukera egongo da, ‘11 Zapore’, aurten modu ezberdinean; izan ere, profesional baten eskutik eta Peñascal Fundazioaren laguntzarekin, masterclass bat emango da, sukaldean aniztasuna txertatzen ikasteko. Ekitaldi honetan Peñascal Fundazioko ikasleek, Ostariko ostalariek eta aurretik izen ematen duen edonork parte hartu ahalko dute. Maiatzaren 17an izango da, 11:00etatik 14:00etara. Izen ematea bide hauen bitartez egin beharko da: aniztasuna@errenteria.eus / 662 944 626.

Urtero bezala, ‘Errenteria Munduan’ ere egingo da. Bertan, online, GGKEek Udalaren laguntzarekin egiten dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte, eta herritarrek galderak egiteko tarte bat emango da. Ekintza hau maiatzaren 17an izango da, 18:00etan, eta ekimenaren web orritik bertatik zabalduko da.

Aurten egingo den beste erakusketa ‘11 Auzo eta kolore’ da, Errenteriako 6 institutuetako DBHko ikasleek sortutakoa, denera 80 gaztek baino gehiagok. Iazko ‘11 Etxe eta kolore’ erakusketaren jarraipena da eta Telleri-Alde ikastetxearen inguruan egongo da ikusgai bi astez, maiatzaren 18tik aurrera.
Berrikuntza gisa, SOS Arrazakeriak egindako ‘Dos familias’ film laburra ikusteko aukera izango dugu, Errenteriako bi familia migratzaileren bizipenak kontatzen dituena. Filmaren ondoren, solasaldia egingo da protagonistekin, eta haiekin hitz egiteko aukera egongo da. Hau maiatzaren 19an izango da, 18:00etan, Niessen auditoriumean, eta gonbidapena lehenago hartu beharko da BIBE plataformaren bidez edota Niessengo leihatilan.

Beste jarduera berri bat ere egongo, ‘Aniztasunaren aldeko mundua’ izeneko mosaiko bat estreinatuko baita, Nawal eta Amin artisten eskutik sortua. Estreinaldi hori online egingo da, maiatzaren 20an, osteguna, 18:00etan, ekimenaren webgunean. Bertan, alde batetik, lanaren prozesua erakutsiko duen bideo bat ikusi ahal izango da, eta, bestetik, artistekin elkarrizketa bat egongo da.
Asteari amaiera emateko, herriko ikastetxe beretatik baina, kasu honetan Lehen Hezkuntzatik 400 ikasleren eskutik, halaber, ekitaldi berezi bat egingo da, eta txikienek gozatzeko aukera izango dute; izan ere, ipuin kontalari batek ikasleek ikasturtean zehar kultur aniztasunaren gaiari lotuta egin duten ipuina aurkeztuko die Kontukantoi elkartetik. Ekintza hau maiatzaren 21ean izango da, 18:00etan, Xenpelar Etxean, eta aurrez erreserba egin beharko da aniztasuna@errenteria.eus helbide elektronikoan edota 662 94 46 26 telefonoan.

Aipatzekoa da udalerriko biribilgune ezberdinetan Burubeltz maskota ikusi ahal izango dela; era berean, Maite Rosende margolariak sortutako aniztasunaren bandera berria estreinatuko da herriko sarrera nagusiko biribilgunean.

Ekitaldietarako sarbidea:

– Gonbidapenak: Niessen Kulturgunea, Xabier Olaskoaga plaza, kulturakreaktiboa@errenteria.eus , 943 44 96 34 edo BIBE plataforman

-Izen-emateak: aniztasuna@errenteria.eus / 662 94 46 26

-Informazio orokorra: https://errenteria.eus/aniztasuna/

Laburbilduz, aurten 7 jarduera programatu dira. Gainera, aurkezpen-prentsaurrekoa bera ekitaldi berezi batekin burutu da, Hibaika A.E. eta Iruñeako Burubeltz konpartsa Oiartzun ibaian zehar ibili baitira ontzi batean. Jarduerak hilaren 15etik 21era bitartean izango dira. Halere, bi erakusketak bi astez izango dira ikusgai. Guztira, 28 izango dira Errenteriako Udalarekin elkarlanean aritu diren parte-hartzaileak egitaraua aurrera atera ahal izateko.

11 Ibilbide’ erakusketa 

HHIko ikasleekin eta Errenkoalde-rekin.

Maiatzak 15, larunbata 

Errenteriako erdiguneko dendetan 

11 Zapore’

Fundación Peñascal, Ostari eta Amaur Cooking Studio-ekin .

Maiatzak 17, astelehena

Fundación Peñascal (Masti-loidi) (izen ematearekin)

Errenteria Munduan’

GGKEekin.

Maiatzak 17, astelehena / 18.00 

Online

11 Auzo eta kolore’ erakusketa 

Errenteriako 6 institutuekin (DBH), SOS Arrazakeria-rekin eta VEDIrekin.

Maiatzak 18, asteartea – Ekainak 4

Telleri ikastetxearen inguruan 

Dos familias’ film laburra

SOS Arrazakeria-rekin eta filmeko protagonistekin.

Maiatzak 19, asteazkena / 18.00 

Niessen Auditorium (Gonbidapenarekin)

Aniztasunaren aldeko mundua’ mosaikoa.

Nawal eta Amin artistekin eta Mikelazulorekin.

Maiatzak 20, osteguna / 18.00 

Online

Errenterian bizi naiz eta… egin zaidazu bisita!’ ipuin-kontaketa 

Herriko 6 ikastetxeekin (LH) eta Kontukantoiekin.

Maiatzak 21, ostirala / 18.00 

Xenpelar Etxea (izen-ematearekin)