Talka Sarea osatzen duten eragileen aurreneko bilera egin dute gaur

Merkataritza | Udal komunikabidea 2021-05-14 | 0

• Apirilean Errenteriako Udalak Talka Bulegoa abian jartzeaz gain, Talka Sarea garatzen hasi zen, ehun ekonomikoa osatzen duten eragileen sarea.

• Bien helburua, enpresa-ehunari laguntza ematea da, pandemiak eragindako talka ekonomikoari aurre egin diezaioten. Beraien jarduera ekonomikoa eusten eta negozioaren etorkizuna aldatu nahi dutenei laguntzeko doako zerbitzua da.

Bide honetan lanean jarraitzeko, Talka Sareko eragileek beraien indarrak batu dituzte, pertsona autonomoei, negozio eta enpresei laguntzen jarraitzeko; Don Bosco, Ostari, Errenkoalde, Torrekua, Errenteriako Udala, Oarsoaldea Garapen Agentzia eta aholkularitza-gestoria enpresa batetako ordezkariak izan dira gaurko bileran.

Bilera emankorra izan da eta hauek izan dira erabaki eta ondorio nagusiak: batetik, erabaki dute hilabetean behin gaur abiatutako taldeak email bat jasoko duela, Talka Bulegoaren eta haren erabilera eta beharren berri izateko. Gainera, hurrengo bilerak uztailean eta urrian izango direla finkatu dute. Bestalde, Sarearen osaerari begira, interesgarritzat jo dute taldean gestoriak eta aholkularitza bulegoak sartzea, izan ere, beraiek harreman estua dute negozioekin eta konfiantza handiko harremana izaten da. Hortaz, Talka Bulegoarentzako informazio lagungarria dute. Horren harira, erabaki da gestoria eta aholkularitza bulegoentzako informazio saio bat egitea.

Kontuan izan behar da Talka Sarea osatzen ari den lan-espazio bat dela, eragileak gehituz joango dena, espazioa osatzen dutenen ekimenez eta proposamenak jasoz.

Talka Sareak, Talka Bulegoarekin osagarri izan nahi du: helburua da, batetik, sarea osatzen duten pertsona eta eragileek ‘antena’ lana egitea, euren inguruan zailtasunak dituzten negozio eta enpresak identifikatuz eta horiek Talka Bulegora bideratuz. Bestetik, Talka Bulegoari berari aholkularitza ematea, proposamenak egitea, laguntza behar duten enpresei eta negozioei begira, martxan jar daitezkeen neurri eta laguntzen inguruan.

Era berean, sare honek ahalbidetuko du enpresetan egindako esku-hartzeen emaitzak enpresekin partekatzea, programak, proiektuak, planak definitzen laguntzea eta azkenik, lankidetzak eta osagarriak diren enpresen arteko konbinazioak identifikatzea.

Talka Bulegoak 3 helburu nagusi ditu:

• Errenteriako enpresa-sareari eustea pandemiaren eraginaren ondoren

• Egoera zailean dauden establezimenduentzako laguntza eskaini.

• Etorkizuna beste bide batetik bideratu nahi duten jarduerei laguntzea.

Talka Bulegoa eta baita Talka Sarea ere, eskualdeko gainerako udalerrietan martxan dagoen suspertuz bulego-sarean barneratua dago.

Eskualde mailan dagoeneko 130 enpresek eta pertsona autonomok zerbitzu eskaera egin dute eta Errenteriakoak %30,76a dira; %22,5a merkataritza sektorekoa da, %20a sormen sektorekoa, %17,5a teknologia, zerbitzuak %17,5a, industria %12,5a, ostalaritza %7,5a eta turismoa %2,5a.

Aipatu bulegoa, Errenteriako Udalak abian jarri zuen apirilean Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailaren laguntzarekin.

Enpresekin lanketa sakona egiten da eta etorkizunari begirako hausnarketa lan bat egiten da, gaia anitzak jorratuz; antolaketa-kultura, enpresa estrategia, bezeroak, balio proposamena, balio katea, pertsonak, gaitasunak, jarduerak eta baliabideak, lankidetza eta berrikuntza irekia, eskaintzaren aldaketa, negozio ereduaren aldaketa.

Orain arte zerbitzutik igaro diren enpresek positibotzat jotzen dute pertsona bat bere establezimendura hurbiltzea eta banakako aholkularitza jasotzea, %96ak zerbitzua gomendatuko luketela adierazi dute. Zerbitzua oso pertsonalizatua da, bakoitzaren egoera pertsonala, ekonomikoa… guztiz ezberdina baita. Enpresek etorkizuneko erronkei erantzuteko lehentasunezkotzat jo dituzten zenbait jarduera-ildoak: Eraldaketa digitala, Estrategia eta enpresa-kudeaketa eta Bezeroak, TicketBAI.

Errenteriako Udalak gainontzeko enpresak eta autonomoak animatu nahi ditu zerbitzu eskaera egin eta aldaketa prozesua abian jartzera. Eskaerak honako bide hauetatik egin daitezke:

www.covid19oarsoaldea.com webgunean dagoen formularioa beteaz

• 943 494 129 telefonora deituz

• Talka Bulegoa Errenteriako Turismo Bulegoaren espazio berean dago kokatuta, adalen kalea, 3, eta irekita dago erabiltzaileentzat asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00ak arte.

Informazio gehiago, hemen.

https://www.covid19oarsoaldea.com/menua/zure-enpresarentzako-berraktibazio-diagnostikoa/

No comments yet.

Utzi erantzuna