Zapelatz eta urubi askatzea maiatzaren 22ra atzeratu da

Eguraldi txarra dela eta larunbat honetarako programatutako hegazti askatzea, hurrengo larunbatean, maiatzaren 22an, ospatuko da.

Gure inguruan bizi diren hegazti harrapari bi hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko da Listorreta aisia-lekuan: Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainen eskutik Igeldoko Arrano Etxean sendatutako zapelatz bat eta urubi bat askatuko dira.

Gipuzkoako Parketxe Saretik antolaturiko jarduera honen hitzordua iluntzeko 20:00etan izango da eta 45 minutu inguruko iraupena izango du. Azalpenak euskaraz izango dira.

Askatu aurretik, hegazti hauen bizitzari buruzko hainbat azalpen emango dira eta baita Igeldoko Arrano Etxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek egiten duten lanaren ingurukoak ere.

Partaide-kopuru mugatua izango da eta nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea (arditurri@gipuzkoanatura.eus edo 943 495 069 / 688 895 068). Jarduera adin guztientzako herritarrei zuzendua dago, eta prezioa 3€-koa izango da pertsonako. Lurrean eserita jarraituko da saioa, beraz, gainean esertzeko zerbait eramatea gomendatzen da.

Covid-19ren osasun-prebentziorako neurriak hartuko dira: maskara jarrita eduki beharko da eta segurtasun-distantzia mantenduko da.

Ekimenari buruzko informazio gehiago www.gipuzkoanatura.eus webgunean aurkitu daiteke.

Arrano Etxea

Igeldon kokatutako Arrano Etxea zentroak bai basa-fauna oneratzea bai fauna exotikoa erreskatatu eta aterpetzea ditu helburu.

Honela, zaurituta edo ezindutako basa-animalia bat aurkituz gero, zentroarekin harremanetan jar zaitezke 943 000 420 edo 943 210 584 telefono zenbakietara deituz (www.arranoetxea.net).