Gipuzkoako Judo Federazioak eta Errenteriako Udalak hitzarmena sinatu dute Fanderiako frontoia lagatzeko eta jarduerak antolatzeko

Gipuzkoako Judo Federazioak eta Errenteriako Udalak hitzarmen bat sinatu dute, Federazioak espazio hori erabili eta txapelketak eta bestelako jarduerak antolatu ahal izateko.

Hitzarmen honen helburu nagusiak dira udalerrian judoa berriro bultzatzea eta emakumeen artean judoa sustatzea. Izan ere, orain dela denbora bat kirol honek presentzia handia zuen herrian, pertsona askok jokatzeaz ez ezik, maila ezberdinetako lehiaketa asko ere egiten ziren. Gainera, oso kirol parekidea da, emakume askok egiten dutena, eta horrek pisu handia izan du hitzarmena sinatzeko garaian.

Maite Gartzia Kirol zinegotziak azaldu duenez, Gipuzkoako Judo Federazioak judoa berriro udalerrira ekartzeko Errenterian espazioren bat erabili ahal izango ote zuten galdetu zuenean, Fanderiako Agustina Otaola pilotalekua proposatu zuten. Espazio hau EPLE Errenteriako Pilota Elkarteak erabiltzen du, eta bertan entrenatu eta txapelketa asko egiten dira. Bilerak egin ziren Judo Elkarteak eta EPLEk espazioa partekatu zezaketen baloratzeko eta bakoitzaren beharrak ikusi ahal izateko. Bilerak ondo joan ziren eta posible zela ondorioztatu zen. Beraz, duela aste batzuk proba gisa Gipuzkoako Kadete Txapelketa egin zen frontoian, eta horretarako tatamiak ekarri, muntaia egin eta ondo atera zen.

Horrela, hitzarmenarekin aurrera jarraitzea erabaki zen.

Hitzarmenaren ezaugarri nagusiak

Hitzarmenaren Xedea:

Federazioaren eta Errenteriako Udalaren arteko harremanak arautzea, Errenteriako Fanderiako Udal pilotalekuan kirol-jarduerak antolatzeko, eta instalazio horretan kirol-jarduera horiek egiteko behar den materiala biltegiratzeko baldintzak arautzea.

Hitzarmenaren Indarraldia:

Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da, sinatzen denetik aurrera.

Gipuzkoako Judo eta Kirol Elkartuen Federazioaren Betebeharrak:

Gipuzkoako Judo Federazioak eta Kirol Elkartuak Fanderiako Udal pilotalekuan gutxienez bost jarduera antolatu behar dituzte denboraldi bakoitzeko, federazio horren jarduerarekin lotuta (lehiaketa ofizialak eta lagunartekoak), lurralde- eta autonomia-eremukoak.

Jendeak doan eskuratu ahal izango ditu kirol-jarduera horiek.

Jarduera horien programazioak ezin izango du eraginik izan Fanderiako pilotalekuan antolatzen diren pilota-jardueretan.

Federazioaren ardura da instalazioaren ordena, garbitasuna eta segurtasuna zaintzea jarduerak irauten duen bitartean. Horretarako, egokitzat jotzen dituen neurriak hartu beharko ditu.

Errenteriako Udalaren Betebeharrak:

Errenteriako Udalak Fanderiako “Agustina Otaola Raketista Profesionala” pilotalekua utziko dio doan Federazioari, hitzarmen honetan jasotako kirol-jarduerak antolatzeko.

Udalak kirol-instalazioaren harmaila finkoaren azpian dagoen biltegiaren zati bat utziko dio Federazioari, instalazioaren gainerako erakunde erabiltzaileekin batera erabil dezan bere kirol-materiala gordetzeko.