Herri Arte Eskola eta Vigoko Escola Municipal de Música Folk e Tradicional eskola elkarlanean jarri ditu Atlantikaldiak

Atlantikaldia jaialdiaren markoan, Herri Arte Eskolako musika eta dantza ikasleek eta Vigoko Escola Municipal de Música Folk e Tradicionalekoek bi herrietako musika eta dantzak ezagutzeko parada izan dute 2 egunez. Covid19ak sortutako pandemiaren eraginez, 2020ko Atlantikaldiaren jaialdi eredua birsortu egin behar zuen antolakuntza taldeak. Hala, iraileko egunetan protagonista musika kontzertuak izan baziren ere, kultur artekotasuna eta sormena ardatz duten hainbat proiektu abian jarri zituzten urtean zehar garatzeko. Horietako bat da hau, hain zuzen.

Pandemia egoerak ez du aurrez-aurreko topaketarik egitea ahalbidetu eta baliabide teknologikoak erabililta egin dute irakasle zein ikasleen arteko harremana. Pasa den astean izan ziren lehendabiziko bi saioak: zuzeneko konexioak eginez astelehen eta astearte arratsaldez, Galizia eta Euskal Herriko instrumentu eta dantzen berri eman zieten elkarri ikasleen zuzeneko parte-hartzearekin. Era berean, arlo hauetako Eskola bakoitzaren lan ildoak partekatu zituzten.

Astelehenean, trikitixa eta Galiziako akordeoi diatonikoaren jatorri eta doinuak elkarbanatu zituzten lehenik, eta ondoren dantzarien txanda izan zen. Asteartean txalaparta eta Galiziako eskuzko hainbat perkusio instrumentu aurkeztu zizkioten elkarri, ondoren txistuaren eta bestelako aerofonoen unea izan zen, eta azkenik galiziarrek harpa zeltikoa eta biolina bertako herri doinuei loturik nola lantzen dituzten erakutsi zuten.

Bai Errenteriako eta baita Vigoko parte-hartzaileak pozik agertu dira topaketetako giro eta konplizitatearekin eta osasun egoerak baimentzen duenean, aurrez-aurreko saioren bat egitearen nahia adierazi dute: “Asko dago elkarrenkagandik ikasi, partekatu eta elkarrekin arituz musika eta dantzaz gozatzeko”.

Topaketa pedagogiko hauez haratago, Herri Arte Eskolako ikasle eta irakasleek Galiziako 2 artistekin kontzertu bat ontzeko sukalde lanak ere aurreratu samar daudela esan dute arduradunek eta, ondo bidean, irailean taularatuko dutela horren emaitza.