2021eko Udako Oporrak programan izen-emate epe berria zabalduko dute astelehenean

Argazkian: Maite Gartzia, Gazteria zinegotzia, eta Iñaki Otamendi, Gazteria teknikaria.

Udalaren borondatea da famili guztiek izatea programa honetan parte hartzeko aukera eta, ikusirik oraindik hainbat talde osatu gabe daudela eta plaza libreak badaudela, izen-emate epe berria zabalduko du maiatzaren 24tik 30era.

Izen-emateak internet bidez egin daitezke https://gazteria.errenteria.eus/ webgunean maiatzaren 24tik 30era (igandera) bitarte, edo bestela ZU! Zerbitzuan 24ean hasita 28, ostiralera, bitarte. Ordutegia ondorengoa da: astelehenetan 7:30etik 14:00etara, asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00etara eta astearte eta ostegunetan 7:30etik 19:00etara. Bai goizeko ordutegian bai arratsaldekoan ezinbestekoa da hitzordua hartzea 010 telefono zenbakira deituta. Segurtasun neurriak bete ahal izateko, hitzordu bakoitzeko pertsona bakarra sar daiteke.

Hauek dira plaza libreak dauden guneak:

Txikiak programa: (2015-2017 bitarte jaiotakoak). Beraun/Bizarain, Agustinak/Markola eta Niessen eremuetan plaza hauek daude libre:

◦ 1. txanda (ekainak 24-30): 31 plaza

◦ 2. txanda (uztailak 1-7 ): 30 plaza

◦ 3. txanda (uztailak 8-14): 43 plaza

◦ 4. txanda (uztailak 15-21): 52 plaza

Udalekuak programa: (2011-2014 bitarte jaiotakoak). Merkatuzar/Errenteria Musikal gunea, Beraungo ludoteka eta Markola eskola/ludotekan plaza hauek daude libre:

◦ 1. txanda (ekainak 24-30 ): 20 plaza

◦ 2. txanda (uztailak 1-7 ): 3 plaza

◦ 3. txanda (uztailak 8-14 ): 28 plaza

◦ 4. txanda (uztailak 15-21 ): 55 plaza

Errenteabentura (2008-2010 bitarte jaiotakoak) eta Beireko Kanpamentuak (2005-2007 bitarte jaiotakoak) https://gazteria.errenteria.eus/ webgunean astelehenetik aurrera jakinaraziko da zenbat plaza libre dauden eta nola egin ahal izango den izen-emate tramitea.

Bigarren inskripzioan izena emateko berariazko baldintzak:

Aurretik beste talderen batean izena emana duten pertsonek, ezingo dute beste talde batean izena eman, epe berri hau lehen epealdian izena eman ez dutenentzat baita.

Hutsik dagoen gune eta txanda aukeratzean, momentuan ordainketa egin beharko da, baina ez da dirurik itzuliko ondoren haurrari baja eman nahi izanez gero, non eta ez den ezinbesteko egoera, eta betiere justifikatzen bada.

Izena emandako hurrenkeraren arabera plaza erreserbatuko da, baina gutxienez 3ko taldeak izan behar direnez, posible da talde batzuk ez osatzea: kasu horietan Udaletik aukera emango zaio familiari beste talde batean parte hartzeko, eta ez badago ados dirua itzuliko zaio.

Informazio gehiago nahi dutenek gazteria@errenteria.eus helbidera idatz dezakete edo 943 449 606 telefonora deitu.

Azkenik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie gaur egun udan aisialdi hezitzaile eskaintza honengan konfiantza jarri eta Udako Oporrak osatzen dituzten programetan 500 haur baino gehiago inskribatu dituzten familiei.