Alkatea Euskal Herriko Covid Iraunkorra plataformako kide diren hiru herrikiderekin elkartu da

  • Bileraren helburua izan da bizi duten egoera gertutik ezagutzea eta ikusarazteko laguntza eskaintzea

Maiatzaren 17an, astelehenean, Aizpea Otaegi alkateak Begoña, Amaia eta Idoia hartu zituen bulegoan. Hirurak Errenteriako bizilagunak dira eta LongCovid Euskal Herria elkarteko kide.

Koronabirusa gainditu ondoren bizpahiru hilabetera oraindik ere sintomak dituzten gaixoei Covid iraunkorra dutela esaten zaie. Estimazioen arabera, koronabirusarekin kutsatutakoen % 10ek sintomak izaten jarraitzen dute 12 aste igaro ondoren. Askotariko sintomatologia dute baina eragin bateratu bat: egunerokoari aurre egiteko zailtasunak.

Jasotzen duten arreta ez dela homogeneoa ezta holistikoa ere diote. Kasu batzuetan askotariko probak eta mediku-segimendu jarraitua izaten ari diren bitartean, beste batzuetan asko ari zaie kostatzen medikuek euren gaixotasuna aintzat har dezaten. Horregatik, euren esanetan, Osakidetzako lehen mailako arretako medikuen artean ez dago gaixotasunari buruzko informazio nahikorik.

Honakoak dira elkartearen eskaerak:

• Covid sintoma iraunkorrak dituzten pertsonen zenbaketa egitea.

• “Long Covid” sintomak dituzten pertsonen diagnostiko klinikoa eta arreta lehentasuna izatea; izan ere, eragindako pertsona askok ez zuten PCR proba diagnostikorik egin ahal izan.

• Protokolo kliniko bateratu bat lortzeko lan egitea.

• Gaixotasun hori artatzeko unitate espezifikoak sortzea lehen mailako arretan, Nafarroan, Katalunian edota Andaluzian egin duten modura.

Konpromisoak

Osasun-erakundeei eskaera horiek egiten laguntzeko eskatu diote alkateari, baita gaixotasuna ikustarazten laguntzeko ere.

Konpromiso horri jarraiki, eskaera horiek jasotzen dituen gutuna bidaliko die datozen egunetan alkateak osasun-agintariei.

Halaber, harremanetan jarraitzeko konpromisoa adierazi die alkateak, lankidetzan jardunez, gaixotasun hori pairatzen duten pertsonek bizi duten ulertezintasuna eta laguntza falta gainditzeko helburuarekin.

Covid iraunkorra izan dezaketela uste dutenentzako deia

Elkarteak eskatu du norbaitek uste badu gaixotasun hori duela, covidpersistente.euskalherria@gmail.com email helbidearen bidez beraiekin harremanetan jartzeko.