Omenaldia jaso du Irantxe Ansa dantzariak

Udalak Iratxe Ansa dantzari eta koreografoaren ibilbide profesionala omendu zuen atzo, hilak 29, Garazi Urdanpileta kazetariak pleno aretoan gidatutako ekitaldian.

Udalabatzako alderdietako ordezkariak, Errenteriako hainbat dantza eragile eta senideak izan zituen Ansak ondoan, ohikoa baino aforo mugatuagoan, Covid19aren eraginez. Guztiak Udal Txistulari Bandaren atzetik sartu ziren aretora, 13:00etan.

Aizpea Otaegi alkateak Ansaren ibilbidearen zertzela batzuk eman zituen hasteko: Ereintza Dantza Taldean jaso zituen bere lehen dantza eskolak eta ordutik, dantzari lotuta eman du bizitza dantzari, irakasle zein koreografo gisa. Ibilbide honetan hainbat sari jaso du, 2020ko Espainiako Dantza Sari Nazionala, esaterako.

Alkateak, gainera, duela bederatzi urte Ansak Igor Bacovichekin batera abiatutako Metamorphosis Dance proiektuari erreferentzia egin nahi izan zion eta euren azken lana den ‘Al desnudo’ Veneziako Dantza Bienalerako hautatua izan dela azpimarratu zuen.

Marian Bravo Ereintza Dantza Taldean Ansak izan zuen lehendabiziko irakasleak hartu zuen hitza ondoren eta Iratxeren lehendabiziko dantza saioak ekarri zituen gogora. Jon Maya Kukai Dantzako zuzendariak (Kukaik 2017an jaso zuen Espainiako Dantza Sari Nazionala) ere ez zuen omendua zoriontzeko aukera galdu nahi izan. Baina  hauek ez ziren izan zorion mezu bakarrak: bere ibilbidean lagun izan dituen nazioarteko hainbat dantzari eta koreograforen hitzak ere entzun ahal izan zituen Ansak bideo batean.

Pozik eta hunkituta jaso zuen Ansak aitortza eta eskerrak eman zizkion Udalari bere bizitza izan den ibilbidea omentzeagatik.

Ekitaldia amaitzeko Mairi Maya dantzari gazteak aurreskua dantzatu zion eta oroigarri gisa, Gotzon Huegunen Xenpelarren fruituak eskulturaren erreplika eta Idoia Lizeagak arrosa petaloekin apaindutako dantza zapatilak jaso zituen Ansak.

Arratsaldean, 19:00etan, herritarren babesa Lekuona Fabrika ireki berrian jaso zuen. Izan ere, ‘Al desnudo’ obra izan baitzen Sorlekua auditorioak eskaini duen lehendabiziko ikuskizuna. Bigarren emanaldi bat eskainiko du gaur. Gonbidapen guztiak agortuta daude dagoeneko.