Fanderia auzoa berrantolatzeko proiektu batek oinezkoen segurtasuna hobetuko du

Ingeniaritza batek eta udal zerbitzu teknikoek egindako proiektu honen helburu nagusia da auzo osoko oinezkoen segurtasuna hobetzea.

Aurreikusitako jarduerak trafiko-azterlan batekin kontrastatu dira, eta auzoarentzat honako onura hauek aurreikusten dira:

-Oinezkoen segurtasuna areagotzea

-Auzoko trafiko orokorra % 30 baino gehiago murriztea.

-Ibilgailuen kanpoko trafikoa % 61 murriztea

-Ibilgailuen gehiegizko abiadura murriztea

-Ilara bikoitzak kentzea

Gainera, zerbitzuak berrantolatuz, aparkaleku-plaza kopurua handitzea lortzen da.

Trafikoaren azterlan bat, egungo egoera ezagutzeko eta etorkizuneko egoerak baloratzeko

2021eko urtarrilean eta otsailean, hainbat astetan ibilgailuen fluxua neurtzeko kanpaina bat egin zen, bolumenak, abiadurak eta norabideak ezagutzeko.

Ikerketa horrek agerian utzi du, besteak beste, ibilgailuen gehiegizko abiadura eta auzoan gaur egun dagoen zirkulazio-bolumen handia.

Era berean, trafiko-azterlan hori izan da proiektuan txertatu beharreko neurriak kontrastatzeko eta ebaluatzeko oinarria, berrantolaketaren ondoren etorkizuneko agertokia nolakoa izango den aurreikusiz.

Legegintzaldiko Planean jasotako proiektua

Proiektu hau 2019-2023 Legegintzaldiko Planean jasota dago, eta Fanderiako oinezkoen konektibitatea hobetzeko eta oinez doazen pertsonei segurtasun handiagoa eskaintzeko beharretik sortu zen.

Alde horretatik, gogora ekarri behar da istripu ugari izan direla inguru horretan, eta heriotza bat ere izan dela.

Proposatutako hobekuntza-neurriak

Maiatzean zehar, proiektua azaldu eta kontrastatu egin da bai Auzo Elkartearekin, bai beste herritar talde batekin, proposamenak eta ekarpenak jasotzeko asmoz.

Bestalde, Udala eskuorri informatibo bat banatzen ari da Fanderia auzoko postontzietan, proiektuaren garapenarekin lortuko diren neurri eta hobekuntza garrantzitsuenekin.

Aurreikusitako jarduerak honako hauek dira:

– Oinezkoen pasabideak goratuak izango dira, ibilgailuen abiadura murriztuaraziko duena

– Sigi-saga arinak egongo dira, helburu berarekin

– Fanderia pasealekua eta Dario Regoyos kaleak noranzko bakarreko kaleak izango dira. Zirkulazioaren noranzkoa aldatu egingo da Dario Regoyosen

– Eskola-autobusen geraleku bat ezarriko da

– Auzoko merkataritzarako eta zerbitzuetarako zamalanetarako gunea ezarriko da

– Biribilgune bat eraikiko da Touring etorbidean, auzora sartu gabe buelta eman ahal izateko

– 10 km/h-ko eremuak ezarriko dira auzoko erdiguneetan.

Oinezkoentzako pasabideak berrantolatzea, auzoa zerbitzuekin eta instalazioekin hobeto konektatzeko (topo geltokia, kirol-gunea, parkea…).

Azken batean, oinezkoentzako auzo hobea eta seguruagoa lortzera bideratutako neurriak.