Kultur Aniztasuna azpisailak ‘Errenterian 11 kolore’ ekimenaren VI. edizioaren balorazioa egin du eta azpisailaren webgune berria aurkeztu du

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Jose Ramon Gurrutxaga (Txokolo), Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren azpisailaren zinegotzia; Naroa Galdos, azpisaileko dinamizatzailea; eta Samira Goddi, azpisaileko teknikaria.

Errenteriako Udaleko Kultur Aniztasuneko, Garapenerako Lankidetzako eta Giza Eskubideetako sailak Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta programaturiko ekintzak arrakastaz ospatu dira.

Maiatzaren 15etik 21era bitarte izandako 7 ekintzetan (erakusketa, hitzaldiak, zine proiekzioak eta ipuin kontaketa) denera 500 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Ekitaldi presentzialak, osasun-egoerak edukiera mugatua izanik, azkar bete dira, eta edizio honetan, aurrekoan bezala, parte hartzeko modu berriak ezarri dira. Parte-hartzea oso heterogeneoa izan da, eta parte-hartzaileen eta ikusleen balorazioa oso positiboa izan da.

Gainera, ikusgai jarraitzen du ‘11 Auzo’ erakusketak, oraingoan Cristobal Gamon institutuaren kanpoko aldean. Bestalde, ‘Aniztasunaren aldeko mundua’ murala, aurtengo edizioko laburpen bideoa, ‘Errenterian bizi naiz-eta egin zaidazu bisita’ ipuin kontaketa ekitaldiaren bideoa, ‘Errenteria Munduan’ hitzaldiko bideoa, ‘11 Zapore’ tailerreko errezetak… https://herribizia.errenteria.eus/es/11kolore webgunean ikusgai daude.

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartu duten guztiei.

Kultur Aniztasuna, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideen azpiatalak webgune berria du

Errenteriako Udaleko webgunearen baitan azpiatalak atal propioa dauka gaurtik. Bertan informazio desberdinak eskegiko dira 3 alorren inguruan, modu antolatuan. Bereziki azpimarratzekoa da bertan daudela herrira iritsi berri direnentzako harrera informazioa, elkarteentzako dirulaguntza deialdiak, sentsibilizazio ekintza desberdinen iragarpenak nahiz Udalak parte hartzen duen sare zein plataformen inguruko informazioak.

Webgunearen helbidea hau da: https://errenteria.eus/aniztasuna/