Gaurtik aurrera SorayArteren ‘Azala azalduz’ erakusketa ikusgai egongo da Xenpelar Etxean

Kultura 2021-06-08 | 0
  • Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 26ra arte, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara

Gaur arratsaldean inauguratuko da Soraya Garcia SorayArte diziplina anitzeko artistaren ‘Azala azalduz’ erakusketa Xenpelar Etxean.

Erakusketan ikusgai izango den proposamen piktorikoan formatu handiko mihiseetan egindako olioak izango dira gehienak, figuratibo-errealista estilokoak eta gai feminista, erreibindikatzaile eta kritika sozialekoak. Gehienak autorretratuak dira, gorputza erabilita adierazpen-bitarteko gisa. Artistaren beraren hitzetan, asmoa ez da “molestatzea” edo “moldeak haustea”, baizik mezu feministak helaraztea eta emakumearen gorputza artean normalizatzea.

Nabarmentzekoa da ‘Munduko Emakumeak’ pieza; hainbat nazionalitatetako bost emakumeren erretratua da, eskualdeko jantzi tipikoak soinean dituztela eta soina biluzik erakusten duen autorretratuaren irudia dutela. Obrarik berrienean –‘Respect’– margolaria bera ageri da maskarekin eta eskuak altxatuta, irudikatzeko pandemiak eragindako beldurra, ziurgabetasuna edo askatasunak kentzea.

Donostian bizi den artista galdakoztarra arkitektoa da formakuntzaz, eta diziplina anitzeko artista lanbidez; pinturan, poesian eta performanceetan jarduten da, poesia ozen irakurtzen dituelarik musikarekin, dantzarekin eta body-paintingarekin. Maila piktorikoan, bi proiektu irabazi zituen Donostia – San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburuan, eta nazioarteko erakusketa baterako Crowfunding bat 2015ean. Bakarkako erakusketa azpimarragarrien artean aipatzekoak dira: Hernaniko Biterikoa (2020), Irungo Caja Laboral Kutxakoa (2019), Zumarragako Zelai Aristikoa (2018), Donostiako Emakumeen Etxekoa (2016), Kursaaleko Nazioarteko Arte Garaikidearen Azokakoa (2015), Bartzelonako Galería Adakoa (2013), Donostiako Olatu-Talka jaialdietakoak –erakusketak eta performance-emanaldiak– (2013tik 2019ra).

Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 26ra arte, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.

No comments yet.

Utzi erantzuna