Herriko basoen diagnosiaren emaitzak Udal-foroan aurkeztu dizkiote ikasleek alkateari

ESKOLAKO AGENDA 2030 programan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasle ordezkariak Aizpea Otaegi alkatearekin eta Udaleko zenbait zinegotziekin bildu dira Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan ikasturte honetan landutakoaren berri emateko. Ikasleek Garapen Jasangarrien Helburuei heldu diete eta zehazki 15. GJHa ezagutu dute (Lehorreko ekosistemak). Honen barruan, basoen gaia landu dute.

Ekainaren 9an, Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan izan dira Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen duten Errenteriako 7 ikastetxeetako ordezkariak: Bizarain LHI, Bizarain BHI, Cristobal Gamon LHI, Don Bosco LHII, Egiluze ikastetxea, Koldo Mitxelena BHI, Orereta Ikastola eta Telleri Alde ikastetxea. Oraingoan, ikasturtean zehar egindako diagnostikoa Udal ordezkariei azaldu diete. Eta honekin batera, beraien konpromisoak eta proposamenak ere aurkeztu dizkiete.

Basora egindako irteerak izan dira aurten burututako ekimenen ardatz. Talde txikitan, udalerrian dauden parke eta basoetara joan dira: Gaztañoko parkera, Beraun kaleko parkera, Arramendira, Txoritokietara, Sanmarko, Añabitartera… Aurtengo egoera kontuan izanik, ikastetxe batzuetan errazagoa izan dute ateratzea eskola menditik gertu dutelako. Eta irteera guztien artean, Urdaburura eginiko txangoak izan dira aipagarrienak. Udalak eskainita eta ingurumen hezitzaile baten gidapean, Añarbeko basoen aberastasuna ezagutzeko aukera izan dute: Malbazargo eta Pagosardeko urmaelak, zuhaitz eta baso ezberdinak, fauna, antzinako lanbideen aztarna, pago motzak…

Horretaz gain, eta aurten kalera irteteko zailtasuna direla eta, familiakoen artean galdetegi bat pasa zuten, errenteriarrek basoekiko duten ezagutza eta ohiturak jakiteko.

Burututako diagnosiaren ondorioak

Ateratako ondorioen artean, aipatu nahi izan dute Errenterian baso ugari daudela eta horiek egoera onean daudela, aberastasun handiarekin. Gustuko txangoak burutu dituztela azaldu dute, eta aurrerantzean, basoak ongi ezagutzeko mendira irteera gehiago egin nahiko lituzketela. Aurkitutako hondakinetaz ere aritu dira eta, batez ere, mahaiak dauden zonaldetan zabor dezente topatu dutela adierazi dute. Bide batez, hondakin horiek biltzeko aprobetxatu dute.

Herritarren artean egindako elkarrizketen arabera, konturatu dira mendira joateko zaletasuna badagoela, baina faltan bota dute, aldi berean, udalerriko mendi eta basoen barrena ibilaldiak egiteko informazio gehiago eskuratzeko aukera izatea. Herritar gehienak ez daki zuhaitza espezie ezberdinak identifikatzen. Eta adin tarteari dagokionean, adiearzi dute gazteak direla mendira gutxien joaten direnak.

Hartutako konpromisoak

Basoen gaia landu eta ondorioak ateratzeaz gain, ikasleek hamaika konpromiso hartu dituzte:
1. Zuhaitzak eta landareak errespetatu, puskatu gabe.
2. Animaliak bakean utzi, oihuekin molestatu gabe eta beraien elikagaiak eta bizitokia zaindu.
3. Herri inguruko mendietara gehiagotan joaten saiatu, basoak hobeto ezagutzeko eta ikasteko.
4. Basora joatean, bertan ez utzi zaborrik. Eta dagoena jasotzen saiatu.
5. Ahal dugunean zuhaitzak landatu.
6. Haziak erein landare berriak sortzeko.
7. Gure inguruan ditugun zuhaitzak ezagutzen saiatu eta besteei erakusteko moduak martxan jarri.
8. Mendian surik ez egin.
9. Mendiak ematen dizkigun baliabideak arduraz kontsumitu.
10. Gure ingurukoen artean animaliarik ez ehizatzeko mezua zabaldu.
11. Baserritarren bizimoduaz eta haien naturaren ustiapen jasangarriaz ikasi.

Udalari proposamenak

Ikasleen arteko Foroa izan ohi da ikasturtean zehar egindako lana partekatzeko eta proposamenak adosteko gunea. Aurten, online egin behar izan dute. Alkateari helarazi dizkioten proposamenen artean, udalerriko baso eta zuhaitzak zaintzen jarraitzeko eskatu diote eta mozketarik egiten bada, bertako espeziekin ordezkatzea.

Era berean, mendiko bideak zaintzea eskatu diote eta edozein bere autoekin sartzeko baimenik ez ematea. Herritarrei zuzendutako ekimenen beharraz ere aritu dira. Herritarren eta ikastetxeen artean baso garbiketarako jarduerak eskatu dituzte. Eta mendiaz gozatzeko, musika ekitaldiak basoan antolatzea ere.

Udalerriko mendi eta basoak ezagutzeko irteera gidatuak egotea eta mendian dauden ibilbideak informazio desberdinekin osatzea ere eskatu dute, horretarako kartelak, esku-orriak edota aplikazio digital bat sortuz. Herri barruan dauden zuhaitzen inguruan ere eskaera bat egin diete Udal ordezkariei: herrian dauden zuhaitzak ezagutzeko ibilbide bat markatzea eta liburu bat argitaratzea. Ikasleen iritziz, herrian eraikin eta errepide gehiegi dago eta erdigunean, zonalde berde bat nahiko lukete izan, orain daudenak baino handiagoa.

Amaitzeko, Sanmarko gotorlekuko egoeraren inguruan ere proposamen batzuk egin dituzte. Hala nola: parkeko zelaiko zuloak estaltzea, jolastokiaren egitura ondo sendotzea, komunak jartzea, taberna irekita mantentzeko laguntzak ematea eta ibilgailuak mantso joateko hobeto seinaleztatzea.

Errenteriko alkatea den Aizpea Otaegik, egindako ekarpen guztiengatik eskerrak emanez, kontuan izango dituztela aipatu die eta datorren ikasturte hasieran egingo den Udalbatzan, egindako eskaera guztiei erantzuna emateko konpromisoa adierazi die.