Udalak kanpaina bat jarri du abian ostalaritzan beirazko ontzien birziklapena sustatzeko

• Udal-ordenantzei buruzko informazioa emango da. Ordenantza horietan, sortzaile handientzat birziklatzea derrigorrezkoa dela jasotzen da, eta, bete ezean, isunak ezarriko dira

• Martxan jarritako kanpainak lokalak sentsibilizatzeko ekintzak indartuko ditu beirazko ontziak birziklatzeari dagokionez

• Ostalarientzako baliabideak indartuko dira, gaikako bilketa errazteko

Errenteriako Udalak, Ecovidrio eta San Marko Mankomunitatearekin lankidetzan, kanpaina berri bat jarriko du abian, ekainean zehar. Horretarako, ostalaritza-establezimenduei egingo zaie bisita, ostalaritzan beirazko ontzien hondakinak birziklatzea sustatzeko eta sortzaile handi horiek beren hondakinak behar bezala kudeatzera behartzen dituzten udal-ordenantzak gauzatzeko.

Ekimen hori aurrera eramateko, landa-lana egingo da beirazko ontziak birziklatzeari buruzko udal-ordenantzen ezagutza indartzeko. Era berean, birziklatzeak Errenteriarentzat sortzen dituen ingurumen-onurei buruzko sentsibilizazioa sustatuko da.

Abian jarritako kanpainak, gaur egungo udal-ordenantzen berri emango du, bertan, sortzaile handiek birziklatzeko duten betebeharra jasotzen baita. Langile kualifikatuen bisitak ekainetik aurrera hasiko dira ostalaritza-establezimenduetan. Lehen fasean, informazioa eman, eta beharrak hautemango dira, beirazko ontzien hondakinak birziklatzea errazteko edukiera desberdineko ontziak emanez, establezimendu bakoitzaren sortze-bolumenaren arabera. Ondoren, auditoriak egingo dira, hondakinak jatorrian behar bezala bereizten direla egiaztatzeko, eta, araudia betetzen ez badute, bigarren bisita batean gutun izenduna emango zaie.

Ostalaritza-sektoreak Estatuan merkaturatzen diren erabilera bakarreko beirazko ontzien hondakinen ia % 50 sortzen du, eta beraz, birziklatze-helburuak lortzeko funtsezko sektorea da. Horregatik, sektorean ohitura jasangarrien ezarpenean aurrera egiteak hobekuntza nabarmena dakar klima-aldaketaren aurkako borrokan.